Hitz gaixoak
Futbolarien eta entrenatzaileen prentsaurrekoak aspergarriak izaten dira. Beti gauza bera esaten dute. Salbuespen gutxi batzuk salbuespen. Kazetarion galderak batere originalak ez direlako edo erantzunak betiko esaldi lehorrak direlako, jasangaitzak egiten zaizkit hitz-aspertu horiek. Hitzak gaixotzen dituzte. Hitz gaixoak. Hain ederrak eta horrela alferrik galtzea ere… Errepikatutakoa errepikatu behar horretan, denboraldiko garai bakoitzak berezko gaia izaten du. Orain, amaiera aldera, kontuak egiteko garaia izaten da. Zenbat puntu behar diren honetarako edo hartarako, aurkariak zenbat aterako ote dituen eta abar. Joan zen astekoa oso adierazgarria izan zen. Ia gure talde guztietan aritu ziren kontuak egiten. Ikasleen antzera. Futbola matematika edo fisika bezain aspergarria izango balitz bezala. Gainera, zertarako balio du hurrengo asteetako partidei begira jartzea astekoa jokatu aurretik? Burua galtzeko ez bada…
Zenbakiek zoratuta
Osasunako Juanfran munduko matematikari onenaren pare aritu zen. Bi garaipen gehiago, sei puntu, hogeita hamazazpi gehi sei, berrogeita hiru. Nobel saria harentzako. Norbaitek galdetuko ziolako egingo zituen kontuak, baina aldagelan ere eginda izango zituzten ordurako. Han ikusten ditut Ziganda hizketan ari zaien bitartean, Juanfran eta beste hiruzpalau kalkulagailua eskuan dutela kontuak egiten. Hogeita hamazazpi gehi sei, berrogeita hiru. Eta Ziganda paretari hizketan, edozein ikastetxetako edozein ikasgelatan bezala. Irakaslea ikasleei hizketan, eta ikasleak arreta beste nonbait dutela. Juanfranekin kontuak egin zituenetako bat Rikardo izango zen. Hainbeste kontu eginda, zoratu egin zelakoan nago. Bartzelonako partidan, ez baitzekien non zebilen ere. Aztoratuta, nahasita, galduta ikusi nuen. Non eta area barruan, bere bizilekuan. Zenbakiek zoratuta egongo zen. Ia-ia aste osoko kontuak pikutara bota zituen jokaldi batean. Izan ere, futbolak ez du lekurik kalkulagailuetan.
Kalkulagailu zaharkitua
Athleticen ere aritu dira kontuak egiten. Baina kalkulagailu egokia hartzea ahaztu zaie. Europan sartzeko zenbat puntu behar diren jakiteko kalkulagailu modernoa behar baita. Eta ez infernura ez erortzeko puntuak kalkulatzen dituena. Bi urtez tramankulu horrekin ibili eta gero, ahaztu egin zaie berria erostea. Guri ere antzeko zerbait gertatzen zitzaigun ikastolatik institutura igarotzean. Batuketak eta kenketak egiteko kalkulagailua balekoa zen ikastolan, baina institutuan berria erosi beharra geneukan. Bai, huraxe, sinu eta kosinu eta tangente azaltzen ziren haietakoa. Alferrik zen zaharrarekin joatea institutura. Athleticekoen kontuak berrogeita hiru puntuan gelditu dira, kalkulagailu zaharrak ezin duelako gehiago egin. Europa ez da Espainia. Europa modernoa da, eta halako kalkulagailua behar da. Nik aholku txiki handi bat emango diet. Utz diezaiotela kontuak egiteari, bota ditzatela kalkulagailuak haizea hartzera eta pentsa dezatela hurrengo partidan soilik. Denboraldi hau ikastolako urteak bukatzeko azkenekoa da, eta gainditzea lortu dutenez, gozatzea besterik ez zaie gelditzen. Institutuko ikasturtea irailean hasiko dela esan du Makua presidenteak.
Filosofo matematikaria
Ikasle multzo guztietan daude azkarrak eta ez hain azkarrak. Lillo azkarrena da. Filosofian eta matematikan. Hitz egin eta zenbatu. Dena batera. Realeko jendea lehen taldea infernura jaitsi zen hurrengo egunetik ari da kontuak egiten, baina bederatzi partida falta direnean, denek hartu dute kalkulagailua eskuan. Lillok ere bai, jakina. Joan zen osteguneko hitz-aspertua handia izan zen. Hori da hori kontuak egitea. Norbere taldearenak eta besteenak. Hiru ezezaguneko ekuazio zaila askatzen hasi zen: x, y eta z. Reala, Sporting eta Malaga. Asturiarren eta andaluziarren partidako aldagai guztiak xehe-xehe azaldu zituen. Realari zer komeni zitzaion oinarri hartuta, y eta z askatu zituen di-da batean. Reala askatzea, hau da, x askatzea, larunbateko lana zen. Partidan egin beharrekoa. Berak eta jokalariek. Baina ez zuten askatu, eta osteguneko ekuazioa erdizka laga zuten. Zertarako balio zuten, hortaz, osteguneko kalkuluek? Ezertarako ez. Realak ezezagun bakarreko ekuazioak askatu behar ditu astero, eta bikoak eta hirukoak ahaztu. Bereak askatzen dituenean has dadila besteenak askatzen. Aurrena x-a askatu, eta gero y eta z. Bestela, denboraldi amaierako notetan, zero handi-handia aterako du matematikan.
Buru hausteko buruketak
Ezin nituen ikusi ere egin buruketak. Niri zer axola zitzaidan Bartzelonatik Irunera datorren trenak eta kontrako norabidean doanak noiz eta non egingo duten bat? Izerdi hotza botatzen nuen halakoetan. Antzeko zerbait bizi izan zuten igandean Alaveseko jokalariek. Salmeron entrenatzailea irakasle lanetan aritu zen joan zen astean. Berripaper honetan. Buruketa zaila asmatu zuen: Alavesek hogeita hamabi partidetatik zortzi irabazi baldin baditu, zenbat irabazi behar ditu azken hamar partidetan? Erantzuna berak bota zuen, baina jokalari-ikasleei ezkutatu egin zien. Bizpahiru egunean burua estutzen aritu arren, ez zuen inork asmatzen erantzun zuzena. Horrela heldu zen igandea, eta buruketa burutu gabe. Lehen zatian, jokalariek buruketa izan zuten gogoan, eta galduta ibili ziren. Bigarrenean ere antzeko. Eskerrak buruketekin ni adina haserretzen diren bi ikasleri. Igor eta Mena sutan jarri ziren hainbeste buruko minekin, eta buruketaren orria zortzi pusketetan hautsi, Salmeron entrenatzaile-maisuari muturrera bota eta lanari ekin zioten. Futbolean jokatzeari. Irabazi eta etxera. Buruketa gaizki jarrita zegoela leporatu zioten gero Salmeroni. Honela behar omen zuen: Alavesek hogeita hamabi partidetatik zortzi irabazi baditu, hogeita hamahirugarrena irabazi behar du. Hori irabazita, zenbatgarren jardunaldiko partida irabazi behar du orain?
Piper egin eta futbolera!
Eibarren ere jardun zuten kontuak egiten bere garaian. Berrogeita hamar puntu. Oker ez banago, baina, kontuak egiten hasi eta emaitza txarren boladatxoa heltzea bat izan zen. Harrezkero, partidaz partida. Behar den bezala. Orain, berrogeita sei dituzte; lau falta mailari eusteko helburua betetzeko. Baina jokalariak eta Manix ez daude kontuei begira. Partidaz partida gozatzen ari dira, edo gozatzen saiatu nahian. Gure futboleko Nikolas Txiki dira eibartarrak. Gainerakoak kontuak egiten zoratuta dabiltzan bitartean, ikasgelako lau hormen artean burua haustear dutela, Nikolas Txiki eta lagunek ospa egin dute ikasgelatik. Piper. Futbolean jokatzera joan dira. Gozatzera. Han dabiltza Alzeste, Geoffroy, Klotaire, Agnan, Eudes, Rufus eta beste. Futbolaz gozatzen. Momentuan momentukoa bizitzen. Geroko kontuak gaurkoa lotu gabe kontu hutsa direla jakitun. Carpe diem.