Futbola festetan
Gure herriko jaiak dira. Santelmoak. Ezer ez eta festa. Halaxe dio gure herriko esaera batek. Kalean igaro dut etxean baino denbora gehiago. Eta gauza asko ikusi ditut. Garagardo eta garagardo artean, esaterako, futbola ikusi dut festetan. Futbolariak ikusi ditut festetako hainbat egoeratan. Kontatuko dizuet, kontatuko dizuet, garagardoaren aparrak burua nahasi ez didala azaltzeko. Tom Waitsek abesten duen bezala, edanda ibili dena pianoa izan dela erakusteko. Ni ez.
Prozesioan
Atzo goizean izan zen. Goizegi niretzat. Ohitura zaharrak ez direnez berritzeko, gurean ere prozesioa izaten da. San Telmo kalera. Herritar mordoak agurtzen du. Baina, atzo, kanpotar batzuek ere agurtu zuten. Denak traje dotorea soinean. Bidaiaren batetik etorri berritan. Berehala ezagutu nuen gizonezko txiki bat. Caparros. Jakina, eta beste guztiak Athleticeko jokalariak. Bezperan, Huelvan jokatu zuten, eta bana berdindu. Harritu egin nintzen haiek gure herrian ikustean. Bazkaldu ondoren argitu zitzaizkidan zalantza guztiak. Partidaren laburpena ikustean eta protagonistei entzutean. Caparrosek aipatu zuen Ama Birjina azaldu zitzaiela. San Telmo agurtuta eman zizkioten eskerrak beren ustez hainbeste lagundu zien hari.
Txosnetan
Gurean ere jartzen dituzte. Erreka bazterrean. Gorputzaren logika eta katea betetzeko, egoki. Edan eta uretan hustu. Edan eta hustu. Jende asko ibiltzen da bertan. Batez ere gazteak. Kontzertuak ere izan dira. Musika taldeenak ia denak. Ia denak diot, atzo goizaldean jo eta su oihuka ari zirenak ez zirelako musikariak. Hogei bat laguneko gazte koadrila. Txandalak jantzita. Denek plastikozko edalontziak eskuan. Bibaka. Urrutitik entzun nien hasieran, eta osasuna goraipatzen ari zirela iruditu zitzaidan. Egoki. Edan eta hustea osasungarria delako. Baina haien ondora joandakoan ezagutu nituen Krutxaga, Puñal, Ziganda eta enparauak. Osasunakoak gurera etorri ziren Getafetik bueltan. Normala. Lau hilabete eta gero, etxetik kanpo irabaztea ospatu beharra zeukaten.
Zaldiko-maldikoetan
Etortzen dira gurera ere. Txikienen gozagarri eta gurasoen etsigarri. Tabernen kalera joateko handik igaro behar izaten dut. Igande eguerdian ezohiko irudia zegoen. Bueltaka ibiltzen den tramankulu batean, ez zebilen umerik. Gurasoekin kanpoan zeuden. Begira. Arraroa. Kazetaria izanda, ezin gelditu zer gertatzen zen ikusi gabe. Tramankulua bazebilen. Bueltaka. Baina umerik ez zen zaldiaren gainean. Ez eta lasterketetako autoaren barruan ere. Lapiko itxurako ontzitzarrean ere umerik ez. Baina jendea zebilen. Nor ote? Zaldizkoa albotik pasatzean, Aganzo zela konturatu nintzen. Eta autokoa, Toni Moral. Eta lapikoaren barrukoa, Garro. Alaveseko jokalariak ziren. Buelta eta buelta. Mugimenduan, baina beti hasierako lekura itzultzen zirela. Aurreratu ezinda. Larunbateko berdinketaren metafora adierazgarria.
Txaranga
Ezin falta festetan. Maratoiko korrikalariek baino erresistentzia handiagoa daukate. Jo goizean. Jo arratsaldean. Jo gauean. Egun osoa jotzen. Gurera igande iluntzean azaldu zen txaranga berezia zen. Mozorrotuta zihoazen. Soldaduz. Antzinako soldaduz. Kanoia ere bazuten. Kalean gora eta kalean behera. Tabernatik atera nintzen zer arraio zen ikustera. Musikariak ezagutu nituen. Alaña, Del Olmo, Codina, Goiria… eta kanoiaren gainean eserita, Manix handia. Salamancara joan ziren hura konkistatzera, baina kale. Kanoiak ez zien tirorik bota. Etxera berriz. Baina festak, festak dira, eta galdu arren, umore ona ez zuten galdu eibartarrek. Bereziak dira, badakizue. Manixek isildu gabe oihukatzen zuen: «Datorren zapatuan irabaziko juau!». Eta balizko garaipena aurretik ospatzera etorri ziren gurera.
Berantiarrak
Eguna argitu eta oraindik kalean ibiltzen direnak. Atzo goizean ere baziren makina bat. Kalean gora, kalean behera. Zezenik gabe, baina legatzarekin. Tabernen kalean sartuta nengoela, haietako bat ezagutu nuen. Gizon altua. Biboteduna. Berantiarretan berantiarrenetakoa. Baina ez, ez zen hura. Kanpotarra zen. Nahastu egin nintzen. Baina hura ere ezaguna nuen. Hizketan zetorren. Bakarrizketan. Jendeari zerbait azaldu nahian. Eizmendi zen, Realeko entrenatzailea. Indarkeria aipatzen zuen askotan, eta Espainiako erakunderen bat ere bai: «Indarkeria zer den eta nork eta nola sortzen duen hausnartu behar dugu». Anoetako epaileaz ari ote zen? Auskalo. Ez nion kasurik egin. Bideari jarraitu nion, eta txosna gunera heltzean, jendea ibaira begira ari zen. Ikusmiran. Uretan mutil gazte batzuk zeuden. Realeko jokalariak ziren. Hustera bazterrera gerturatu, igo, ez igo, oreka ezin mantendu, eta uretara erori ziren. Arropa eta guzti. Ez zeuden umore ederrean. Goitik behera erori, blai egin, eta berriz gora igo behar, gainera.