08.03.29

10:22:48 , Aitor Manterola , 187 hitz, 86 aldiz ikusia  
Atalak: Gol festa

Jacky Charlton: irlandarrek maite duten ingeles bakarretakoa

1985eko egun batean. Irlanda. Euria ariko zuen ziurrenik. Hango futbolaren gainean, euria eta kazkabarra botatzen ari zuen. Enbata. Irlanda eskas zebilen. Egoera iraultzeko, federazioak ingeles bat fitxatu zuen entrenatzaile. Enbata aurpegiak irlandar zaleen artean. Ingeles bat Irlandako entrenatzaile? Baina, eguraldia eta tradizioa irauli zituen Jacky Charltonek. Eguzkia ekarri zuen Irlandako selekziora. Horregatik, akaso, beti zeukan jantzita lurralde haietako ohiko txapela. Hasieran, euriak busti ez zezan. Gero, eguzkiak begietan jo ez ziezaion.
Sei urtez argitu zuen eguzkiak Irlandako futbola. 1988an, Eurokopa jokatu zuen. Lehen fasean etxera. Baina Dublinen sekulako ongietorria. Guinessak nonahi. 1990ean, Mundialera iritsi zen. Final laurdenetan Italiak kanporatu zuen. 1994an, berriro ere Mundialera. Final zortzirenetan Holandak bidali zuen etxera. Festa, baina, Irlandan. Eguzkia egunero. Jacky Charltonek txapela jantzita jarraitzen zuen.
Baina Irlanda ez da Irlanda euririk gabe. 1996ko Eurokopa Ingalaterran jokatu zen, eta Jackie Charltonek etxean aritu nahi zuen Irlandarekin. Baina ez zen sailkatu. Kanporaketako partida. Holanda edo Irlanda. Kale edo bale. Anfield Road-en. Holanda Eurokopara.
Euria eta kazkabarra berriro Irlandan. Txapela txapel, busti egin zen Jacky Charlton. Dimititu egin zuen Gabonetan. Baina balentria eginda. Sekulakoa. Irlandarrek maite duten ingeles bakarretakoa izatea lortuta itzuli zen etxera.

08.03.25

13:21:55 , Aitor Manterola , 652 hitz, 41 aldiz ikusia  
Atalak: Paperekoa: 'Harmailetatik begira'

Baloia ere, oporretan

Etxezain ona

Gasteizen eguraldi petrala zegoela eta, Alaveseko familia osoa giro epela dagoen leku batera joan zen. Kordobara. Aste Santuko oporrak ez baitira alferrik galtzekoak. Etxea alokairuan hartua zuten, baina hartu ez balute ere, berdin-berdin. Denek nahi zuten eguraldi onaz gozatu. Hemengo hotza ahaztu. Inork ez zuen etxean gelditu nahi. Inguruko hondartza batera joatea erabaki zuten. Futbolean jokatzera. Helduak, gazteak eta haurrak. Baina etxea ezin zuten zaintzarik gabe utzi. Erabakia, betikoa. Txakurra zaintzaile. Beti bezala, San Bernardo handia etxezain. Gainerakoak futbolean gozatzera. Denek egin zuten egin beharrekoa. Futbolariek futbolean jokatu eta irabazi. San Bernardok etxea zaindu. Oporrak amaituta, aurreko irteeretan ez bezala, poz-pozik itzuli ziren etxera Alavesekoak

Bandoleroen arriskua

Gasteiztarren kontrako bidea eta aukera egin zuten Tenerifekoek. Beroaz eta eguzkiaz nazkatuta, hotzaz gozatzera etorri ziren Eibarra. Ez zen giro, baina berdin zitzaien. Azken asteetan nahiko bero pilatu zutenez, hotzari aurre egingo zietelakoan zeuden. Egin, egin zioten. Baina ahaztu egin zitzaien Eibarren badela bandolero talde arriskutsua. Kanpotarrei sekulakoak eta bi egiten dizkien taldea. Beldurtu eta lapurtu. Ipurua izeneko gotorleku txikian bizi dira, eta hara gerturatzen den oro dute etsai. Tenerifekoak, konfiantzaz lepo, gehiegi hurbildu ziren, eta konturatzerako, dena ostu zieten bandoleroek. Gozatu egin zuten etxekoek, baina bat nabarmendu zen. Goiria. Bandoleroetan bandoleroena. Hiru kanariarri egin zien lapurreta. Baina ikusitakoa kontatzen dutenen arabera, Juanma izeneko kanariar bati egin zizkion sekulakoak eta bi. Ez omen da gehiago etorriko.

Sagardo garratza

Donostiako burges berriak, jauntxoa izaki, nahi zuen lekua aukeratu zuen oporretarako. Dirua ez baita oztopo. Aspaldian zuen Asturiasera joateko apeta, eta nahi duena egiten duenez, Gijonera joan zen. Baina ohi duen moduan, benetako asmoen berri ez zuen kontatu. Ezkutatu egin zuen egia. Hogei bat gizon eraman zituen. Denak trajedun eta gorbatadun. Turismoa egitera zihoazen traza zeukaten, baina asmoa beste bat zen. Gijonekoei erakutsi nahi zien bera dela orain jaun eta jabe. Bera dela aberats berria. Baina asturiarrek badakite zerbait konkista kontuez, eta berehala igarri zioten Donostiako jauntxoari zer asmo zuen. Jauntxoak uste zuen nahi bezala ibiliko zela Gijoneko kaleetan. Bertakoek diosalak ere egingo zizkiotela uste zuen, bere burua menderaezintzat baitauka. Baina kontrakoa gertatu zen. Hogei gizon trajedun eta gorbatadunak zarpai-zarpail eginda ibili ziren paraje haietan, eta jauntxo txikia barregarri. Asmoak gauzatu ez zituela ikusita, haserretu ere egin zen, ume txikiak bezala. Umil-umil itzuli ziren etxera Donostiako burges berria eta haren gizonak.

Esker txarrekoak

Nafarroa lurralde erakargarria da turistentzat. Historia, politika eta kultura. Andaluziatik apenas ateratzen den lagun talde bat izan zen asteburuan Iruñean. Itxuraz, umilak eta langileak. Bidaia egiteko urte luzez dirua aurreztu behar izaten duten horietakoak. Beste turista askoren aldean garrantzi gutxikoak. Baina denei harrera bera zor zaienez, Iruñeko gidari taldeak langile onenak jarri zituen andaluziarren zerbitzura. Lana fin eta zintzo egin zuten. Hau erakutsi, hura azaldu, horretaz hitz egin. Historia, politika eta kultura. Gidariek bazekiten arren ez zirela turista garrantzitsuak. Baina dena eman zuten. Komeriak gero etorri ziren. Ordaintzeko garaian, andaluziarrek ospa egin zuten. Alferrik izan ziren hainbeste lan eta izerdi. Lapurreta Nafarroako Erresuman. Injustizia. Baina gidariek ondotxo dakite turista gehiago joango zaizkiela, eta, hartara, lanean jarraitzea erabaki zuten.

Festa handia

Ez dira urte asko lehen aldiz elkar ezagutu zutenetik, eta horregatik, akaso, ondo konpontzen dira Bilbokoak eta Getafekoak. Batez ere, bi lagun talde handi. Oporrak baliatuz, bilbotarrek gonbita egin zieten getafearrei hirira etortzeko. San Mames izeneko zelai eder eta dotorean egin zuten hitzordua. Zertarako ere adostu zuten. Gazteak izanik, sekulako festa egitea erabaki zuten. Garagardoa lepo. Apustua ere bazen tartean. Nork iraun gehien lurrera ziplo erori gabe. Demaren berri zabaltzea erabaki zutenez, harmailetan ere jendea pilatu zen. Giro aparta. Hasi ziren pitxerrak bete eta husten. Bete eta hustu. Bete eta hustu. Ordu eta erdiko tartea zeukaten. Hasi orduko, Getafeko batzuk erori ziren. Gero, Bilboko hainbat. Haietako bat, gainera, erabat zorabiatu zen. Diotenez, azkenaldian ez da festa askotan aritu, eta kalte egin zion garagardoak. Azkenean, baina, Bilboko batek iraun zuen zutik. Getafeko guztiak erori ziren. Festa handia izan zena gehiago luzatu zen gero Bilbon. Ospatu beharra zegoen eta. Biba eta biba!!!

08.03.21

00:12:19 , Aitor Manterola , 795 hitz, 38 aldiz ikusia  
Atalak: Paperekoa: 'Harmailetatik begira'

Olatuek ekarria

Botila

Olatu handiek gizakiok itsasoari egindako txikizioen ordaina ekarri ziguten bueltan. Baita zerbait gehiago ere. Hondartza bakarti batean botila bat azaldu zen. Oinetan gelditu zitzaidan. Barruan paperen bat zuela ohartu nintzen. Botila eskuan hartu, ireki eta irakurtzen hasi nintzen. Itsasoaren doinu zoragarria lagun.

Sarrera

«Futbolzale ororentzat. Munduko edozein bazterretan zaudete, eta ziur nago olatuek futbolzaleren batengana helaraziko dutela mezu hau. Baina gustatuko litzaidake Euskal Herrira iristea. Euskalduna bainaiz. Euskaldun deserriratua. Futbola maite dut, eta astero jarraitzen ditut gure bost talde nagusiak. Badakit partida garrantzitsuak dituztela asteburuan. Jakitun naiz, era berean, hau irakurtzen duzunerako ziurrenik partida horiek jokatuta egongo direla. Baina ez zait axola. Futbolzale naizenez, partida horiek hainbat gogoeta eragin dizkidate, eta zurekin partekatzea erabaki dut. Ez bazaizu axola, jakina. Hastera noa, hortaz…

Donostiarrak

Horrela deitzen diegu Realekoei. Gure aitona-amonei entzunda. Donostiarrak. Tokitan dira, baina, garai haiek. Realak ez zuen atzerritarrik. Beste garai batzuk ziren. Barkatu, baina deserrian nostalgia areagotu egiten zait. Natorren harira. Numantziaren aurkako partidak beldurra ematen dit. Gustatuko litzaidake idaztea donostiarrek irabazi egingo dutela, baina ezezkoan nago. Ez daukat azalpenik ezkortasuna azaltzeko. Futbolzaleok barruan izan ohi dugun irudipen txarra besterik ez da. Badakizu zertaz ari naizen, ezta? Nire uste apalean, donostiarrek berdindu edo galdu egingo dute. Badakit indartsu daudela. Badakit taldeak hobera egin duela. Bueno, hori irakurtzen diet kazetariei, baina ez nago ados. Taldeak baino gehiago, partidak irabazteko jokalari gutxi batzuen kalitateak egin du onera. Pentsa dezakezu Bigarren Mailan txukun ibiltzeko nahikoa izan daitekeela, eta hala izango da. Baina Numantzia talde sendoagoa delakoan nago. Ez baitizkie alferrik ateratzen bederatzi puntu donostiarrei. Zerbaitegatik izango da…

Patateroak

Alavesekoak, gu baino zaharragoentzat. Gogoan dut umea nintzela nola ibiltzen zen. Gora eta behera. Behera eta beherago. Behetik gora. Historiaren gurpila norabide berean ari da jiraka orain ere. Ez al da beherago joango? Baina horiek ur handiak dira, eta ez zaitut aspertu nahi. Goazen igandeko putzu-zulora. Txikia bezain sakona. Arriskutsua baita Hercules. Jokalari onak dauzka, eta patateroak ez bezala, ibilian dabil. Izan ere, Salmeron entrenatzaile berriarekin berriz hasi behar izan dute ibiltzen Gasteiz aldean. Badakit Herculeseko entrenatzailea Goiko dela. Hura bai atzelari gogorra eta sendoa. Galdetu, bestela, Maradonari. Gustura ikusten nituen Athleticen partida haiek. Beste garai batzuk ziren. Beste atzelari batzuk. Ez dakit ados egongo zaren edo ez, baina ordukoak oraingoak baino gogorragoak ziren. Jakin dut patateroak nahiko xaloak direla. Ez litzaieke gaizki etorriko Goiko. Igandean ere, uste dut, xalotasunak kalte egingo diela. Sentitzen dut ezkor jarraitzea, baina Alavesek lan zaila dauka Alacanten.

Armaginak

Talde jatorrena da Eibarkoa. Baina arreta gutxi bereganatzen du hor bertan. Pentsa, kanpoan miresmen handiagoa diotelakoan nago. Bat baino gehiago gerturatu baitzait armaginen berri jakiteko. Harrituta, erabat. Nola litekeen hain herri txiki batean halako mailako taldea izatea. Saiatzen naiz azalpenak ematen, eta hainbeste eman ondoren, haietako bat gustatu zait gehien. Orain, galdezka datozkidanei, hauxe erantzuten diet beti: diren bezalakoak izaten jarraitzea da sekretua. Partidari helduta, arabiarren lurraldean dauka hitzordua. Granadan. Badakit oso zelai txikia dela. Ipurua baino txikiagoa. Ba al dakizu gauza bat? Eibarrek ez du galduko. Baina kontuz ibili beharko du geldikako jokaldietan. Abilak baitira arabiarren oinordekoak. Haiek bezain zehatzak eta azkarrak. Arabiarrak gauza askoren asmatzaile direlako jokaldi horietan, azti ibili beharko du Manixek.

Bilbotarrak

Euskal Herriko selekziotzat hartzen dute bazter hauetan Athletic. Miresmena adina harridura eragiten die klubaren filosofiak. Badaude jarraitzaile batzuk hemen ere, baina ez dira jarraitzaile talde horietako bat osatzeko adina. Sevillan du partida. Guk umetan genion bezala, Betisen. Ikusten ditut bilbotar guztiak bilbotar-bilbotar, irabazten badute gorantz joko dutela esanez. Baina kontuz. Behera ez egitea nahikoa izan daiteke. Betis indartsu dabil etxean. Beraz, berdinketa ontzat joko nuke. Aizu, eta zer gertatzen ari da Guerrerorekin? Pena handia ematen dit. Ez naiz ur handitan sartuko, gaiaz aritzeko ezer gutxi baitakit. Baina, nostalgiagatik edo auskalo zergatik, oraindik ere praka motzetan ikusten dut kapitain handia. Gustura hartuko luke Caparrosek garai onetako Julen Guerrero.

Naparrak

Gogoan dut gure aitona-amonek zer esaten zuten nafarrei buruz. Asto samarrak zirela. Osasunak berak, uste dut, baduela astotik zerbait. Etxean jokatzen duenean, behintzat, bai. Hori da hori indarra! Kanpoan, ordea, flakiak jota dabil. Baina uste dut Valladoliden astoa asto izango dela, eta partida ona jokatuko duela. Ikusteko moduko partida izango da. Mendilibar bera ere asto samarra da, ausarta, eta bere taldeak horrela jokatzen du. Partida irekia izango delakoan nago. Ez dira aspertuko ikusleak. Baietz bi gol baino gehiago ikusi? Lehia beroa ere aurreikusten dut. Bi taldeen jokatzeko eragatik, batez ere. Eta Liga amaitzen ari denez, puntuak oso garrantzitsuak direlako bientzat. Galtzen duena zaldi artean asto izateko arriskuan geldituko delako.

Agurra

Hauxe, futbolzale, nire gogoeta sorta jardunaldi honetan. Agian, gehiegi luzatu naiz, baina ulertu nire egoera. Hemen, futbolaz erdaraz soilik hitz egin dezaket, eta sekulako gogoa neukan euskaraz jarduteko. Agurtu aurretik, eskari bat: idatzi jardunaldi honetako emaitzak eta zure gogoetak paper zuri batean. Sartu botila batean, eta bota itsasora. Iritsiko dira hondartza galduren batera. Eta geldituko zaizkit oinetan. Gora futbola!».

08.03.12

11:07:19 , Aitor Manterola , 140 hitz, 143 aldiz ikusia  
Atalak: Reala

Realeko jokalarien alde

Realeko akziodun batzuk haserre daude jokalariekin. Otsailaren 14ko greba orokorraz beren iritzia kaleratu izana baina ostiraleko atentatuaz ezer ez esatea leporatzen diete. Horixe da haserrearen arrazoia, eta ez kontatu duten aitzakia; hau da, Realaren izena erabili dutela horretarako. Haserretuko al ziren edo idatzia aterako al zuten akziodunek jokalariek atentatua gaitzetsi izan balute Realaren izenean? Ez. Beraz, gauzak garbi.
Nik dakidala Realekoak langileak dira, eta grebak eragin egiten zien. Beraz, beren iritzia eman zuten beste edozein enpresatako langileek egin zuten bezala.
Nik dakidala, ostiraleko atentatua ez du enpresa bat berak ere gaitzetsi. Erakundeek salatu dute. Hortaz, zer dela-eta eskatzen zaie besteek egin ez dutena egiteko Reala enpresako jokalariei/langileei?
Agerian gelditu da akziodun horien jokabidea. Are gehiago, idatzia hemen argitaratzen den Espainiako egunkari batean kaleratu dutenean, DVn.
Inoiz gaitzetsiko al dute Badiolak esplotazioa erabiltzen duela Txinan diru etekinak ateratzeko Realaren izenean?

08.03.11

16:08:39 , Aitor Manterola , 630 hitz, 49 aldiz ikusia  
Atalak: Paperekoa: 'Harmailetatik begira'

Futbola hauteskundeetan

Futbola ispilu

Politikarien aholkulariak futbolean oinarritu dira hauteskundeetako leloak aukeratzeko. Ikusi Espainiako eta Frantziako hauteskundeetan alderdiek erabili dituzten leloak. Futboleko hizkera bera. Hartu hainbat izen arrasto moduan: burua, bihotza, indarra, mugitu, sinesmena… Pena bakarra daukat: politikariek futboleko hiztegiari soilik erreparatuko dietela. Lastima da, futbola ispilu ederra delako elkarbizitzarako. Taldeko lana beharrezkoa da helburua lortzeko. Elkarlana. Errespetua behar da taldekideen artean. Baita aurkariarekin ere. Hainbat pentsaeratako jendea elkarren ondoan esertzen da talde beraren alde, eta hitz egin egiten dute. Euskal Herrian, talde guztietako zale gehienak ondo moldatzen dira. Euskal Herriko selekzioak jokatzen duenean, denek egiten dute bat Euskal Herriak irabazteko. Politikariok, kopiatzen hasita, futbolaren alderdi onak ere kopiatu!

Buruarekin eta bihotzarekin

Igor Gabilondok futbola uztean estatistikek apainduko dute haren jarduna. Partidak, taldeak eta golak. Bada, ordea, oharkabean igaro litekeen kontu bat. Datuak bezain zehatza hura ere. Beharrezko puntuak ematen dituzten golak sartzeko joera. Realean sartu zituen, eta Athleticen ere sartzen ari da. Igandekoak adibide. Bi egin zizkion Valladolidi. Aurrenekoa buruarekin, eta bigarrena, bihotzarekin. Abila da buruz errematatzen, eta erakutsi zuen, beste behin, ezaugarri hori. Bihotza ere borborka duela jokatzen du beti. Bigarren gola erakusgarri. Atezainarena behar zuen baloi hartara joateko bihotza behar delako lehendabizi. Adorea. Fedea. Bi gol eta hiru puntu. Gabilondok bai, Gabilondok buruarekin eta bihotzarekin irabazi zuen hauteskundeen egunean.

Euskal Herria gure indarra

Nafarroako Erresuma politikoki, eta Euskal Herria kulturalki. Horra antzinako gure estatua definitzeko aukera bat. Nafarroako Erresuma izena du Osasunaren zelaiak, eta erresuma gotorleku da nafarrentzat. Partida gehienak irabazten ari da azkenaldian. Futbolean badira idatzi gabeko hainbat lege, eta haietako batek honela dio: etxeko partidak irabazten dituen taldeak ez du arazorik izango. Hortaz, Osasuna lasai antzean ibiltzeko moduan da. Kanpoan irabazten hasiko balitz, etxeko lehiei estutasunik gabe ekingo lieke, baina emaitza on horien esperoan, ez da txarra etxeko puntuak pilatzea. Euskal Herria gure indarra dela aldarrikatu dute hauteskundeetan, eta emaitza onak bildu dituzte. Osasunak Nafarroako Erresuma gure indarra leloa hartu du oinarri, eta bikain ari da etxean.

Mugi gaitezen, mugi dezagun

Alavesek mugitu beharra dauka futbolaren mapatik ez desagertzeko. Azkar bada, gainera, hobe. Baina hankak astun dituzte jokalariek, eta ezin nahi bezala mugitu. Presioaren pisua zama handia baita. Jokalariek badakite mugitzen badira, beheko talderen bat mugiaraziko dutela. Beherantz, jakina. Mugi gaitezen, eta mugi dezagun. Horixe pentsatuko dute. Baina politikariei gertatzen zaien bezala, esatea egitea baino errazagoa da. Eta horretan dira gasteiztarrak. Nahi eta ezin. Asmoa betetzeko hasierako indarraren bultzadaz, ondo ekin zioten igandeko partidari. Baina mugitu ez zirela ikusita, etsiak jo zituen jokalariak, eta ez aurrera, ez atzera gelditu ziren. Mugimendua eskatu duten politikariek aulki bat lortu dute Espainian, eta Alavesek puntu bat eskuratu zuen.

Erre ke erre, errepublika!

Eibarren aldarrikatu zuten Bigarren Errepublika 1931ko apirilaren 13an. Futbolean ere errepublika da Eibar. Errepublika independentea. Gainerakoengandik ezberdina. Larunbatean, ordea, gainerako taldeetan tarteka ikusi ohi den irudia ikusi genuen Ipuruan. Entrenatzailea eta jokalari bat elkarri epelak esaten. Manix Mandiola eta Martino. Jokalariari ez zitzaion batere gustatu aldatu izana, nahiz eta berak eskatu aldaketa, eta sutan joan zen aulkira. Keinu itsusiak egin zizkion Mandiolari, eta entrenatzaileak sorbaldatik heldu zion. Biek egoskor jokatu zuten. Biak erre ke erre. Bakoitza bere astoari tiraka. Hauteskundeetan, erre ke erre egoskor portaera aldarrikatu dutenek galera handia izan dute. Eibarrek irabazi egin zuen. Gaitz erdi.

Abstentzioa

Partida batean, erabakiak hartu behar izaten dituzte jokalariek. Etengabe. Zirt edo zart. Gora edo behera. Ezkerrera edo eskuinera. Motz edo luze. Joan edo etorri. Aurrera edo atzera. Realekoek horrela jardun zuten Albaceten ia partida osoan. Erabakiak hartu zituzten, eta ezin esan okerrak zirela. Baina halako batean, abstentzioaren alde egin zuten. Ez zuten parte hartu, eta aurkariari erabakiak hartzeko erraztasun asko eman zizkioten. Hauteskundeetan, abstentzioa handia izan da gure inguruan. Hori eskatu dutenak gustura zeuden herenegun gauean. Eskerrak Realekoek tarte txiki batean soilik egin zuten abstentzioa. Bestela, hauteskundeetan ez bezala, emaitzak ez zituen hain gustura utziko Realeko zaleak eta klubeko kideak.

08.03.06

19:12:04 , Aitor Manterola , 290 hitz, 58 aldiz ikusia  
Atalak: Gol festa

Yashin: armiarma beltza

Galdera zaila: Nor izan ote da inoizko atezain onena?
Betiko erantzuna: Asko daude oso onak.
Baina asko esaten hasita ere, denok edo ia denok bat egingo dugu izen bat esatean. Yashin. Lev Ivanovitx Yashin.
Orduko Sobiet Batasunean jaio zen, 1929ko urriaren 22an, Moskun. Beste askori bezala, nahigabe azaldu zitzaion futbolean jokatzeko aukera. Bigarren Mundu Gerra bete-betean zela, erreminta lantegi batean egiten zuen lan, eta izotz hokeyan jokatzen zuen, lantegiko taldean. Atezaina zen. Baina 14 urte zituela, futboleko taldeko atezaina ordezkatu behar izan zuen, hark min hartu zuelako. Hantxe hasi zen mitoa zizelkatzen.
20 urterekin fitxatu zuen Moskuko Dinamok, eta hantxe segitu zuen 1971n erretiroa hartu arte.
Bere kasa ikasi zituen atezainaren martingalak. Bai ondo ikasi ere. Oso mutil garaia zen. Ia 1,90 luze. Garaiko aurrelari onenak beldurtuta zeuzkan; diotenez, oso zaila baitzen gola sartzea errusiarrari. Datuek berresten dute hori: 558 partida jokatu zituen taldearekin eta Sobiet Batasunarekin, eta 270 alditan ez zioten golik sartu. Sekulakoa. Gainera, 50 penalti baino gehiago gelditu omen zituen. Itzela. 558 partida eta beste horrenbeste vodka kopatxo. Izan ere, partida bakoitzaren aurretik, vodka tragoxka edateko ohitura omen zeukan.
Bi garaipen handi lortu zituen: 1960ko Eurokopa eta 1956ko Olinpiar Jokoak.
Yashin entzun orduko lotzen dugu haren ezizenarekin. Armiarma beltza. Armiarma, harrapa ezin zitezkeen baloiak harrapatzen zituelako beso luzeei esker. Beltza, beti beltzez jantzita jokatzen zuelako. Armiarma izanik, munduko altxorrik preziatuena bezala zaintzen zuen sarea. Ia ezinezkoa zen han sartzea. Ausartzen zenari besoak, oinak, eskuak eta hankak ateratzen zizkion. Sarea berea zuen. Baina armiarma berezia zen. Sarean bizi arren, saretik kanpo egoten zelako beti. Atezain baino sarezain zen armiarma beltza. Baloiak gelditzen zen abila. Beti baloiari adi. Aurrea hartzeko prest. Horregatik, baloiari soilik erreparatzen ziolako, heriotza sartu zitzaion sarean ezustean, nahiz eta gaixorik zegoen. 1990eko martxoaren 20an hil zen ziurrenik inoizko atezain onena izan dena.

08.03.04

12:24:41 , Aitor Manterola , 733 hitz, 43 aldiz ikusia  
Atalak: Paperekoa: 'Harmailetatik begira'

Iparraldea eta hegoaldea

Bi mundu

Futbolean betiko esaldi asko erabiltzen ditugu, eta kosta egiten zaigu berriak asmatzea. Betiko horietako baten arabera, sailkapena bitan banatzen da: goialdea eta behealdea. Hirutan ere bai batzuetan, erdialdea aipatzen badugu. Igande gauean, baina, sailkapena banatzeko beste modu bat entzun nion Txetxu Urbieta kazetariari Euskadi Irratian. Gustatu zitzaidan. Behealdeari hegoaldea deitu zion. Urbietaren puntuari jarraituko diot, eta goialdeari iparraldea deituko. Hortaz, mundua banatu ohi den bezala bereiziko ditut sailkapenak. Kapitalismoaren eta materialismoaren hizkeran, iparraldea aberatsa eta oparoa da; hegoaldea, aldiz, txiroa eta arazoz betea. Futbolean ere antzera gertatzen da: iparraldean arazo gutxi egoten dira, eta daudenei ez zaie garrantzirik ematen; hegoaldean, aldiz, asko eta hainbat motakoak izaten dira.

Iparraldean

Gaur egun, gureen artean, Reala da leku horretan dagoen talde bakarra. Bolada onean dabil aspaldian, eta beste egoera batean arazo izan zitezkeenak ez dira arazo. Berdin dio Eizmendik hogeita zazpi jokalari izatea entrenatzen. Ez da arazoa. Berdin dio orain gutxi arte hasieratik jokatzen zuten hainbat jokalari aulkian eta harmailetan gelditzea orain. Baita harrobiko jokalari onenetakoak badira ere. Berdin dio astearen erdian hainbat egunkaritan Garitanok eta Gari Urangak datorren urtean ez dutela klubean jarraituko esatea. Hor konpon horrelakoak, taldea bolada onean baldin badago. Berdin dio astearen erdian Badiola datorren urterako entrenatzaile bila dabilela argitaratzea. Zer da ba Eizmendi, behin-behineko langilea besterik ez bada? Gai horiek guztiak eztabaidatzeko modukoak dira, baina berdin dio. Oharkabean igarotzen dira, taldea ondo doa eta. Iparralde aberats eta oparoan, dena izaten baita polita.

Hegoaldean (I)

Tamalez, gure bost taldeetatik lau daude leku horretan. Arazo ez dena arazo handi bilakatu ohi den tokian. Gutxi ez taldeen egoera makurrak, eta arazoak nonahi. Osasunan, Margairazek belauna txikitu berri du. Zortzi bat hilabetean jokatu ezin. Azkenaldian ez zen jokatzen ari, baina bere lekuan jokatzen ari denari hortzak estuarazteko jokalari egokia da suitzarra. Bistan denez, entrenamenduetako maila jaits dezake hutsuneak. Lesioekin jarraituz, hor da Delporte. Dago, hobeto esanda, azkenaldian ibili baino gehiago egonean dago eta. Jokalari garrantzitsua hura ere. Taldeari partidetan gertatzen zaizkionak ere ez dira hobeak. Igandean, esaterako, txukun jokatu zuen Vila-realen, baita gola sartu ere, baina epaileak ez zuen balekotzat eman. Horrez gain, azkenaldian, azken minutuetan puntu batzuk galdu ditu. Hegoaldean, arazoa arazoaren gainean.

Hegoaldean (II)

Athleticen berdinketa ez da txarra, eta galtzen joan zela ikusita, ontzat ere eman daiteke. Baina hegoaldean dago, eta, hor, infernuko beroak denak kiskaltzen ditu. Era batera edo bestera. Handik edo hemendik. Hegoaldean, egun oso bat igarotzea balentria handia da, baina berehala datorkizu hurrengoa, hura ere beste guztiak bezain gogorra. Nola edo hala iraun beharra dago. Baina Hegoaldeak ez du gupidarik, eta berdinketaren oreka hautsi zuten bi gertakarik. Yesteri eta Etxeberriari bosgarren txartel horiak atera zizkien epaileak, eta ezingo dute Valladoliden aurka jokatu. Bi hutsune handi. Non eta hegoaldean. Aurkari zuzen-zuzen baten aurka. Batez ere, Yesterena da kezkagarria. San Mamesen, geldikako jokaldietan min handia egiten du, eta hura falta dela, erasoko baliabideetako batean kamuts geldituko da Athletic. Hegoaldean ez dago orekarik. Dena da estutasuna eta kezka.

Hegoaldean (III)

Bost euskal taldeen artean larrien dabilena da Alaves. Zelaian eta zelaitik kanpo. Klubaren etorkizuna da arazo handiena, zorrek itotzeko zorian baitago Gasteizko taldea. Hori gutxi ez balitz bezala taldea infernuko ateko lau giltzetako baten jabe egin da. Gogorra da hegoaldean bizitzea, gero. Entrenatzailea aldatu ondorengo partida irabazi egin ohi da gehienetan. Baina Alavesek ez, galdu egin baitzuen Teneriferen zelaian. Bigarren zatian itxura ona eman zuela eta, itxaropen izpiek argi zezaketen Araba, baina ezin gozamen triste bezain txiki hori ere gozatu; eta txartelak berriz ere. Oraingoan, Aganzo jomugan. Bosgarrena ikusi zuen aurrelari txikiak, eta datorren asteburuan ez du jokatuko Salamancaren aurka. Hutsune handiegia da hain egoera larrian dagoen taldearentzat. Lesioek ere gogor jo dute Alaves. Arazoak. Fitxatu berri zuten Cabrerak hilabete askorako dauka. Baita Mateok ere. Berez txiro dabilen Alaves, miseria gorrian dago hegoaldean.

Hegoaldean (eta IV)

Eibarren ere badaude arazoak. Denari neurri hartuta ibiltzen direnez, ematen du arazoak ez duela Eibar ezagutzen. Baina badaude. Pixkanaka bada ere, hegoaldeko hegoalderantz gerturatzen ari da. Igandean, dena izan zuen kontra. Jokalari bat gutxiagoz utzi zuen Raul Garcia kaleratu izanak. Beste penalti bat ere huts egin zuten armaginek. Baina arazorik larriena beste bat da. Izen eta abizenak dauzka. Manu Herrera. Ordezko atezaina da, eta ez jokatzea bera gogorra bada ere, are gogorragoa da soldatarik ez kobratzea. Hori da Manu Herreraren kasua. Levantek utzita ari da Eibarren, eta Herrialde Katalanetako taldearen egoera larriak bete-betean harrapatu du. Eibarko lagun batzuek esan didatenez, atezaina ere Levanteko jokalari guztiak bezala dabil, sosik kobratu ezinda. Hegoaldeko egoera gordin-gordina Eibarren.

Martxoa 2008
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
 << < Sortu> >>
          1 2
3 4 5 6 7 8 9
10 11 12 13 14 15 16
17 18 19 20 21 22 23
24 25 26 27 28 29 30
31            

Futbola ez den edozertaz hitz egiteko baliatzen dute futbola batzuek. Hitz egin dezagun futbolaz.

Bilaketa

Erabiltzaile herramintak

powered by b2evolution free blog software