1 2 3 4 5 >>

08.05.13

10:06:02 , Aitor Manterola , 776 hitz, 27 aldiz ikusia  
Atalak: Paperekoa: 'Harmailetatik begira'

Hamaika (ez) ikusteko jaioak

Futbola, harrigarria

Hala dela esaten da. Baina ez da oso esaldi zehatza. Futbola ez da harrigarria. Futbolean gabiltzanok bihurtzen dugu harrigarri. Edozer gauza gertatzen delako, ezustean eta inork espero ez duenean. Zelai barruan eta kanpoan. Aldrebeskeria handienak ikusten direlako, logikatik erabat urrun daudenak. Zelai barruan eta kanpoan. John Toshackek behin esan zuen harritu egiten dela jendea futbolean gertatzen diren gauzekin harritu egiten delako oraindik. Urrutira jo gabe, gure bost taldeen inguruan zenbait gertaera bitxi eta ezohiko izan dira asteburuan.

Maitasunaren triangelua

Erositako prezioan saltzera noa kontakizun hau. Igande arratsaldean gertatu zen. Etxeko bat SER irratia katea entzuten ari zen. Futboleko partidak. Bigarren mailakoak. Partida batetik besterako joan-etorrian, Mendizorrotzan zegoen kazetariak hartu zuen hitza. Alaves-Albacete partida aspergarria egingo zitzaionez, zurrumurru baten berri eman zuen. Nonbait, eta betiere kazetariaren hitzetan, Alavesek lotuta dauka datorren denboraldiko entrenatzailea. Baina, entrenatzaile horrek Alaves entrenatzeko, ezinbestekoa da taldeak mailari eustea. Manix Mandiola omen da aukeratua. Zurrumurruaren katea gehiago luzatu zuen kazetariak, eta esan zuen Manixek ez duela bukatuko denboraldia Eibarren. Kalera botako dutela, alegia. Zur eta lur gelditu nintzen zurrumurruaren bigarren zatiarekin. Maitasun kontuekin lotura eginda, bikote ustez perfektua haustear egon daiteke. Maitalea tartean sartu delako. Horixe bai, maitasunaren triangelua.

Entzun, irakurri eta ez ikusi

Igande arratsaldean bertan, Realaren partida ondorengo adierazpenak irratian entzuten ari nintzela, hauxe jakin nuen: epaileak ez zuela Realaren aldeko penaltia adierazi partida amaitzear. Haserre ziren kazetariak. Haserre jokalariak. Haserre entrenatzailea. Atzo goizean, egunkari batzuk irakurri nituen, eta denetan aipatzen zuten penaltiaren jokaldia. Baina ezin dut epailearen lana epaitu. Ez dakit penaltia izan zen ala ez. Ez dudalako jokaldi hura inon ikusi. Entzun eta irakurri bai, baina ikusi, ez. Eta etxean badut telebista. Igande iluntzean, piztu egin nuen bederatziak baino ordu erdi lehenago. Realaren partidaren laburpena ikusteko. Golak ederrak. Harmailetako giroa, oso ona. Delibasici zuzeneko faltsuan egindako elkarrizketa, itxurosoa. Baina ez nuen penaltiaren jokaldia ikusi. Ez zuten eman. Une batez, pantailaren eskuinaldera begiratu nuen, gorantz. Ez nintzen deskuidatu katez. Ez zen Andaluziako telebista. Eta ni, hamaika ikusteko jaioak geundelakoan. Baita ez ikusteko ere.

Ekaitza dator

Atzo eguraldi ederra egin zuen gurean. Baina Gasteizen ez da giro izango laster. Ekaitza iragarri dute. Eguraldi txarrari aurpegi alaia erakutsi behar zaiola dio gaztelerazko esaera batek, baina Gasteizen muturra okertu diote gertu duten ekaitzari. Ekaitza hori ez da berezkoa. Ez da naturak sortua. Ez da lainoen talkak eragindako euria. Txistulariek txistua jo dute. Gaizki, beti bezala. Eta ekaitza ekarriko dute. Igandeko partidan gertatu zen. Raul Sanchezi egin zioten txistu, eta lehia bukatu ondoren, taldeari. Hilzorian dagoen gaixoari bizirik mantentzen duen kablea kentzea bezala da Alavesi txistua jotzea. Hil egingo da. Denboraldia gogorra izaten ari dela aitzakiatzat jartzea ez dut onartzen. Taldearen alde daude edo aurka. Txistulariak aurka daude, eta lagundu beharrean, kalte egiten dute. Horretarako, hobe da etxean gelditzea. Eta denboraldia amaitzen denean, jo dezatela txistua eta danbolina. Atera dezatela orduan zarata. Eragin dezatela ekaitza. Bitartean, Alavesi laguntzeko unea da. Bestela, datorren denboraldian ezin izango dute txistua jotzeko ohitura txarra Mendizorrotzan erakutsi.

Atezain berria

Taldeak irabaztea eta golik ez jasotzea da atezainen pozik handiena. Hortaz, pozaren erdia soilik izango du Ustaritzek. Ez zuen lan handirik izan Abadiñokoak. Areatik kanpo buruarekin urrundu behar izan zuen jokaldi batean larri antzera ibili zen, baina beste gainontzean, gau lasaia eduki zuen. Erdiko atzelaria izateko, bikain moldatu zen atezain. Ez da makala jokalari gaztea. Postu askotan jokatzen du, eta ondo, gainera. Erdiko atzelari, eskuineko atzelari eta zelai-erdiko euskarri lanetan ona dela banekien. Ezustea izan da, baina, atezain ona dela jakitea. Beno, ezustea izan da atezaina dela jakitea. Ostiral gauean jakin nuen nik. Telebistetako teletestu horietako bati esker. Espainiako agentziaren batek ematen dituen azken orduetako albiste sorta batean. Honela idatzi zuen kazetariak. Gazteleraz, jakina: «Ustaritz atezaina sendatu egin da, eta jokatzeko prest dago». Baita ondo jokatu ere. Buruko min galantak izan behar ditu Caparrosek datorren denboraldian. Lau atezain, eta laurak onak. Nor izango da titular? Iraizoz, Armando, Lafuente edo Ustaritz?

Gorriak zuri

Eta ez infernutik gertu egoteak sortzen dien izuak eraginda. Igande gauean, Nafarroako Erresuma gorri eta zuri bilakatu zen. Gorria betidanik izan da, baina zuria, inoiz ere ez. Ez, behintzat, Real Madrilen zuriaren aldekoa. Bada, igandean, Osasunako zaleak zurien alde zeuden. Real Madrilek Zaragozari irabaztea nahi zuten. Pozarren eta txoratzen ospatu zituzten Van Nistelrooik eta Robinhok sartutako golak. Astebete lehenago etsairik amorratuenak zirenak lagunik onenak bilakatu ziren. Futboleko jendearen kontuak. Datorren igandean ere antzeko zerbait gertatuko da. Duela egun batzuk Osasuna errespetatu ez zuten Mallorcako jokalariak zaleen kuttunak izango dira. Zaragozaren aurka jokatzen dutelako, eta aragoiarrek galdu egin behar dutelako. Futboleko jendearen kontuak. Bukatzeko, sekretu txiki bat kontatuko dut. Ni ere zurien aurkakoa naiz, baina igande gauean, begiak telebistan eta eskuetan irratia nuela, saltoka ospatu nuen Robinhoren gola, Real Madrilen gola. Mesedez, ez kontatu inori sekretua.

08.05.09

09:33:51 , Aitor Manterola , 713 hitz, 19 aldiz ikusia  
Atalak: Paperekoa: 'Harmailetatik begira'

Futboleko ipuinak

Txano Gorritxu

Zigandak esan berri du Osasuna basoan sartuta dagoela, eta bertatik ateratzeko argia edo bidea aurkituko dutela. Hitzok entzun orduko, ipuin ezagun bat etorri zitzaidan gogora. Txano Gorritxu. Osasunaren ibilia ederki islatzen duen ipuina. Demagun Ziganda dela ipuineko protagonista. Ligaren hasieran, bederatzi hilabeteko txapelketari taxuz aurre egiteko, otarra ederki bete zioten. Jakiekin izan ordez, jokalari berriekin. Halaxe ekin zion bideari Zigandak. Txano Gorritxu bezala, irribarrez eta kantari. Zeharkatu zituen herriak, zeharkatu mendiak. Zailtasun askorekin eta erraztasunarekin. Helmugara batere arazorik gabe helduko zela ematen zuen, baina, bat-batean, baso ilunean sartu zen. Azken txanpan. Galdu egin zen. Hori gutxi ez, eta hamaika otso azaldu zitzaizkion bidera. Epaileak. Denek nahi zuten Ziganda helmugara ez heltzea. Otso bati aurre egin, eta beste bat azaldu. Basoan ilunpean. Galduta eta etsaiak nonahi. Zailtasun gehiegi. Helmuga, bertan bezain urrun. Txano Gorritxu onik ateratzen da ipuinean. Helburua betetzen du. Zigandaren ipuinari amaiera idaztea falta zaio. Ederra litzateke irakurleek ipuinaren amaiera idazteko aukera edukitzea, Ziganda onik iritsiko litzatekeelako helmugara. Ziganda eta Osasuna, jakina.

D’Artagnan eta besteak

Futboleko talde bat ondo ibiltzeko ezinbestekoa da, besteak beste, golak sartzea. Golak sartzeko golegileak behar dira. Hortaz, Osasunak, futboleko taldea denez, golegileak behar zituen. Ekarri zituen udan. Ustez, onak. Pandiani, Portillo eta Dady. Hiru ezpatariak. Osasuna babesteko eta zaintzeko ezinbesteko soldaduak. Ematen zuen haiek hirurak moldatuko zirela zeregin horretan, eta, gainera, gazte ausart bat gehitu zitzaien. Sola. D’Artagnan. Osasuna, ipuinean Frantziako errege-erreginak bezala, ondo zainduta egongo zela ematen zuen. Beste taldeetako soldaduei aurre egiteko moduko laukotea zen. Denok batean, batean denok. Hasierako borroketan Dady nahikoa izan zen Osasuna babesteko. Baina hura nekatu zenean, beste bi ezpatariak ez ziren azaldu. Eskerrak Solari, hala ere. Baina hura ere kamustu zen, eta akabo. Ez D’Artagnanik, ez ezpataririk. Ipuinean, onik ateratzen ziren trantze guztietatik, eta jakina, errege-erreginak onik eta salbu beti. Ezin esan gauza bera Osasunaz. Golik sartu gabe ezin baitaiteke futboleko talde bat ondo ibili.

Marko

Amarik gabe gelditzen da mutil gaztea ipuinean. Bihotzean izaten du beti, baina ezin amarekin hitz egin. Joan egin zaio. Urrutira. Baina, azkenean, bidaia luzea egin ondoren, ama aurkituko du. Athleticen ere bada Markorik. Ipuinean ez bezala, baina, Marko bera urrundu zen amarengandik. Demagun ama Athletic bera dela. Eta Marko, Armando. Elkarrengandik urruti bizi arren, Armandok beti izan du Athletic bihotzean. Ipuinean ez bezala, ama bera abiatzen da Markoren bila. Ezustean. Inork espero ez zuenean. Markok ametsa dela uste du. Baina ez. Ama du aurrez aurre. Bere bila joana. Biak itzultzen dira etxera. Pozik. Ipuinean, urte luzez bizitzen dira elkarrekin ama eta semea. Elkar maitatuz, eta berriro banatuko ez direla hitza emanda. Armando eta Athletic ere ez omen daude banatzekotan. Armando seme eredugarritzat du amak, gainerako seme-alabek begiratu beharko lioketen ispilutzat. Merezi izan du hainbeste urtez zain egotea elkarrekin egoteko. Familia perfektua.

Oliver Twist

Ipuineko protagonista umezurtza da. Hamaika zoritxar eta kalapita bizi ondoren, azkenean bizimodu duina lortuko du. Besteak beste, Sowerberry jaunari esker. Fernando Llorenteren ibiliak badu ipuineko protagonistaren antza. Berezko dohainak zituen futbolari bikaina izateko. Berehala antzeman zizkion ezaugarri horiek Jose Mari Amorrortuk. Baina urte batzuk behar izan ditu dohainei probetxua ateratzeko. Berak nahi baino urte gehiago. Zaleek uste zuten baino denbora gehiago. Tarte horretan, Oliver Twistek bezala, hamaika zoritxar eta kalapita bizi izan ditu. Estutasunak. Konfiantzarik eza. Entrenatzaile dezente eduki ditu, baina inork ez du asmatu mutila bide onean sartzen. Ematen zuen ez zela Strowberry jaunik azalduko eta Llorente umezurtz geldituko zela futbolean. Twist gurasorik gabe bezala, Llorente arrakastarik gabe. Baina azaldu zaio Strowberry jauna. Caparros. Hark lortu du mutila bide onean sartzea, eta, azkenean, Llorente futbolari duina bilakatu da. Ipuineko Fagin gaiztoa eta zitala Clemente ote da?

Altxorraren uhartea

Hilak egun guztiak bete aurretik jakingo omen da Zubiaurre auziko epaia. Altxor preziatua. Kutxa ireki artean, behintzat, preziatua. Agian, altxorrak jokalaria behar luke izan, Realarena den edo Athleticena den finkatzeko. Baina dirua da altxorra. Zenbat gordeko ote du kutxak? Bost milioi euro? Hogeita hamar milioi euro? Edo hutsik egongo da? Auziak iraun duen hiru urteetan, hamaika saio egin dituzte guztiek altxorra bereganatzeko. Han ibili dira Jim Hawkins mutikoaren lagunak, batetik, eta John Silver pirata, bestetik. Altxorra nork bereganatuko. Ipuinean, altxorra denen artean eramaten dute Ingalaterrara. Azkenean, borrokak ezertarako ez. Kirolaren munduan murgilduta dabilen abokatu bati entzun diodanez, bost milioi euro ordaindu behar dizkio Athleticek Realari. Ez hogeita hamar, ez bat. Ipuinean bezala, altxorra denen artean eramango dute, azkenean. Denak pozik?

08.05.06

12:09:51 , Aitor Manterola , 814 hitz, 24 aldiz ikusia  
Atalak: Paperekoa: 'Harmailetatik begira'

Karpov ala Kasparov?

Xakea eta futbola

Itxura batean, xakeak eta futbolak ez dute batere zerikusirik. Baina ematen duen baino lotura estuagoa daukate. Batez ere, futbol txapelketak amaitzen ari diren garaietan. Erabaki guztiek xakekoak bezain zehatzak izan behar dute. Mugimenduek, oso neurtuak. Xakean bezala, ordularia oso gertu egoten da. Orduaren eta denboraren mugak itotzen ditu futbolaren munduko asko. Ezin da huts egin, ez baitago zuzentzeko denborarik. Buruaren eragina sekulakoa da xakean, eta futbolean ere, burua zenbat eta hotzago eduki, orduan eta emaitza hobeak ateratzen dira. Hasi da azken jardunaldietako xake-futbol partida. Nork irabaziko du? Karpovek edo Kasparovek?

Beti zuriak garaile

Aretoa leporaino beteta dago. Zarata handiegia. Piezen euskarri den taula, haren helduleku den mahaia, eta bi aulki. Jokalariak falta dira. Badatoz, baina. Krutxaga eta Raul. Zarata ozenagoa da orain. Eseri dira biak. Raulek jokatuko du pieza zuriekin. Krutxagak gorriekin jokatzeko eskatu du, beltzekin gaizki konpontzen delako. Onartu diote eskaera. Hasi da partida. Elkarri errespetu handia diote, eta ia ordu eta erdian, elkar zaintzen ibili dira. Baina, halako batean, gorriek zuri bat jatea lortu dute. Abantaila txiki horren laguntzaz, gorriek irabaziko dutela ematen du. Baina zuriak beti zuri. Bi mugimendu zoragarriri esker, partida irabazi dute. Txapeldun dira. Gorriak, aldiz, infernuan gori-gori. Krutxaga jokalariak esan zuen partidaren atarian zuriek eta beltzek ez zietela gorriei irabaziko. Baina xakearen legeak sendoak dira. Ia-ia, haitza bezain trinkoak. Zuriek jokatu eta zuriek irabazi.

Bukatzeko irrikan

Aurrenekoan baino zarata gutxiagoz, bigarren lehia dago hastear. Jokoan dutena ez da lehenengoan bezain garrantzitsua, eta nabari da jendearen aldartean. Baita bi jokalarien aurpegietan ere. Badatoz Caparros eta Manzano. Eseri dira aulkietan. Elkarri eskua eman diote. Betiko protokoloa. Baina bada aldaketa bat. Caparrosen piezetako bat berria da. Zaldia ez da betikoa, betiko zaldia baino. Bi urtez taulan azaldu gabe egon eta gero, itzuli da zaldia. Hasi da partida. Gogor ekin dio Manzanok. Erasora. Caparrosi hankaz gora bota dio estrategia guztia, berehala jan baitio pieza bat. Hamasei zuri, hamabost beltz. Orain, Caparros da erasoan, jo eta su. Berehala jan dio pieza zuri bat. Berdinketa. Lasaitu egin dira biak. Elkar zaintzen dabiltza. Mugimendu neurtuak eta zehatzak. Erregea zaindu behar da. Babestu. Horretan ari direla, kolpe zehatza eman du Manzanok. Beste pieza beltz bat gutxiago. Saiatu da Caparros partida iraultzen, baina ezin. Partida amaitu eta gero, argi hitz egin du Caparrosek. Porrota onartu du.

Anabasa

Hirugarren partidako jokalariak ez dira aurreneko bietan aritu direnen maila berekoak. Baina oso lehia garrantzitsua da. Berriro ere zaratak gora egin du aretoan. Asko dago jokoan. Badatoz bi jokalariak. Esteban Vigo eta Salmeron. Iragan loriatsua izandakoak biak. Estebanek Bartzelonan, Salmeronek Madrilen. Oso urduri daude biak. Salmeron urduriago. Izan ere, pieza garrantzitsuak falta zaizkio, eta lekuz aldatu behar izan ditu. Zaldia gaztelu. Gaztelua alfil. Peoia erregina. Komeriak izan ditzakeela badaki. Ekin diote partidari. Esteban erasora hasi da. Salmeronek nahikoa du eusten. Baina ikusleek badakite denbora kontua dela. Eroriko da halako batean. Bai erori ere. Di-da batean, eta oso erraz, hiru pieza jan dizkio Estebanek. Ederki baliatu du Salmeronen piezen anabasa. Zuloak nonahi. Gazteluko ateak irekita, zaldiarekin erregearen gelaraino sartu zaio aurkaria. Bukatu da lehia. Partidaren atarian, Salmeronek esan zuen denek defenditu beharko zutela. Baina pieza egokiak al zituen horretarako?

Erlojuari begira

Laugarren lehiak ere badu garrantzia. Baina batentzat bestearentzat baino handiagoa. Atera dira bi jokalariak. Mario Bermejo eta Jon Urzelai. Eseri dira aulkietan. Elkarri begirada zorrotza bota, eta ekin diote lehiari. Lehen mugimendua Bermejok egin du. Bigarrena Urtzelairi dagokio. Baina asko pentsatzen ari da. Piezei begiratu die. Erlojuari, gero. Denbora aurrera doa. Ematen du ez duela mugimendurik egin nahi. Berdinketa nahi ote du? Bermejo urduri jartzeko estrategia ote da? Berriro ere piezei begiratu die. Erlojuari, gero. Aurkariari, ondoren. Azkenean, mugitu du pieza bat. Peoi soila mugitzeko hainbeste denbora behar al da? Bermejoren txanda da orain. Urtzelai, bitartean, erlojuari begira eta begira. Mugitu du Bermejok. Mugitu du Urtzelaik handik hamar minutura. Horrela aritu dira denbora luzez. Halako batean, ezustean, Bermejok pieza bat jan dio Urtzelairi. Aurrera jo ordez, erlojuari begira gelditu da, baina. Horrela bukatu da lehia. Zertarako begiratu dio ote erlojuari hainbestetan Urtzelaik? Aurreko partidetan lortutako puntu pila nahikoa dela iritzita? Edo txapelketa oraintxe bertan bukatzeko gogoz dagoelako?

Mugimendu zehatzak

Azkeneko partidan ere, aurreko bietan bezala, ez dira maila goreneko jokalariak ariko. Baina batentzat, garrantzia handiko partida da, onenen mailan aritu nahi duelako datorren urtean. Badatoz Lillo eta Galeote. Hasi aurretik, gertaera bitxia izan da. Lillok hitzalditxoa bota nahi izan die ikusleei, mugimenduei buruzkoa. Baina ez diote utzi. Horrela ekin diote lehiari. Lillok bi koaderno txiki ditu taularen alboan. Bat ezkerrean, bestea eskuinean. Galeotek lehen lerroko piezaren bat mugitzen badu, ezkerreko koadernoan begiratzen du zer egin. Bigarren lerrokoa mugitzen badu, eskuinekoan. Dena ondo aztertuta dauka. Mugimendu zehatz horiei esker, bi pieza jan dizkio Galeoteri. Lehiaren erdialdera eta amaieran. Saiatu da Galeote mugimenduak egiten, baina gauza arraroak erakutsi ditu. Behin edo bitan, Lilloren erregea arriskua jartzeko aukera izan du, baina aurrera egin beharrean, atzeraka mugitu ditu piezak. Ulergaitza. Mingain zitalek diotenez, mugimendu zehatzak izan dira haiek ere. Aurrez prestatutakoak.

08.04.29

14:01:58 , Aitor Manterola , 670 hitz, 46 aldiz ikusia  
Atalak: Paperekoa: 'Harmailetatik begira'

Esan gabe esanez

Kontu ilunak

Endika Martin Ramos du izena. Hamazazpi urte dauzka. Nik larunbatean ezagutu nuen. Eibarko Unbe futbol zelaian. Nik entrenatzen dudan Zestoa B eta Urki taldeen arteko partidan. Bigarren Erregionaleko partida. Kopa txapelketakoa. Bi taldeak final-laurdenetara sailkatzeko aukerekin. Partida garrantzitsua. Gurearen aurretik beste joko bat zegoen, eta berotzen hasteko zain geundela, mutil gazte bat etorri zitzaigun. Epailea zen. Gurea epaitu behar zuena. Partida bukatu ondoren, aktan irakurri nuen Endika Martin Ramos duela izena. Ia behin ere ez dut begiratzen nola izena duen epaileak, baina larunbatean bai. Aspaldian ikusi dudan epailerik onena iruditu zitzaidalako. Hamazazpi urte izan arren, sekulako heldutasunez zuzendu zuen partida. Epaileen munduan urrutira hel daitekeela uste dut. Edo, bestela esanda, urrutira heldu beharko lukeela. Zoritxarrez, ezin baitut esan iritsiko dela. Onenak ez baitira goraino heltzen.

Errugabea errudun

Haurrak bihurriak izaten dira. Baina badakite bihurrikeria ezkutatzen. Abilak dira errua besteren batena izan dela erakusten. Nahiz eta beraiek egin, besteren bat errudun. Ahulena, normalean. Eta benetako errudunak, urrutira ihesean. Haur batzuk herriko plazan futbolean ari badira, eta, nahita, batek baloia botatzen badio kafea hartzen ari direnetako bati, plaza hustu egiten da ia. Baloiaren kolpea hartu duena purrusta betean hasiko zaio lagunek plazaren erdian bakarrik utzi duten haurrari. Ez du berak bota, baina errugabea errudun. Erruduna, berriz, plazako zuhaitzen atzean ezkutatuta. Algara betean. Pozik. Balentria egin balu bezala. Hor konpon helduaren purrustada errurik gabe jasaten ari dena. Hor konpon negar malkotan badago. Hor konpon berea den baloia betiko kentzen baldin badio helduak. Hor konpon, errurik gabeko errudunaren gurasoek, gertatukoaren berri izan eta bi urtez futbolean jokatzen uzten ez badiote.

Irabaztearen galera

Entrenatzaileak badauka bete beharreko lege nagusia. Jokalari bakoitza bere postuan jartzea. Horretarako aukera baldin badu, jakina. Baina entrenatzaile batzuek ez dute lege hori betetzen. Demagun haietako baten taldeak, zenbait jokalari lekuz kanpo daudela, ez duela irabazi. Baina hurrengo partidan ere gauza bera egin du entrenatzaileak. Hala ere, irabazi egin du. Ez dago esan beharrik non kokatuko dituen lekuz kanpo dauden jokalariak hirugarren partida batean. Irabaztearen galera esaten diot nik horri. Akaso, hirugarren partida hori ere irabaziko du, baina laster hasiko da galtzen. Edo ez irabazten. Eta klubean, gaizki egindakoa zuzenduko dion inor ere ez badauka, askoz okerrago izango da. Entrenatzaileak bereari eutsiko diolako. Beste lege bat ere bete behar du entrenatzaileak. Aurretik ondo dabilena ez ukitzea. Ez aldatzea. Bere-berean uztea. Ni edo arrazoia. Aukera egin beharra dauka. Ni aukeratzen badu, tronpatzeko arriskua handitu egingo da. Arrazoia aukeratzen badu, txikitu. Zoritxarrez, entrenatzaileek gehiegietan jartzen dute ni hori aurretik.

Txarra ontzeko

Orain baino gaztexeagoak ginela, herriko areto futboleko txapelketan jokatzen genuen lagunok uda guztietan. Taldea osatzeko larri antzera ibiltzen ginenez, koadrilakoa ez zen jokalari bat edo beste ekarri ohi genuen. Nork jokatu erabakitzeko, demokrazia erabiltzen genuen. Zozketa. Gero, gutxi-asko, denok jokatzen genuen, aldaketak zintzo egiten genituelako. Ia-ia gaur egungo txandakatzeen antzera. Horregatik, atezainari laguntzen zion laukotea era guztietakoa izaten zen. Ona, justu-justua edo txarra. Aldaketen araberakoa izaten zen. Taldearen maila jokabide horrek baldintzatzen zuen, eta jokalari on pare bat elkarrekin batera aritzen zirenean, sekulako aldea egoten zen. Txarrak ontzen zituzten. Sekulako aldea baitzegoen onen eta txarren artean. Taldeko bi onenek elkarrekin jokatzen zutenean, oso joko polita egiten genuen. Baita partidak irabazi ere. Txapelketa haietako minutu onenak orduan jokatzen genituen, eta denok gozatzen genuen irabazten baldin bagenuen. Onek eta txarrek.

Udaberriko haizeak

Ikasle ginen garaietan, uda izaten zen oporretako garaia. Hiru hilabeteko opor eder-ederrak. Baina udaberria heltzerako hasten ginen hondartzarekin pentsatzen. Horregatik, egunak argitasun orduak luzatzen zituenean, lanerako gogoa gutxitu eta jolaserako grina handitzen zitzaigun. Zer esanik ez, ordurako ikasturtea ondo bideratuta izaten baldin bagenuen. Hau da, ikasgai guztiak gainditzeko aukera, aukera baino zerbait gehiago zela ikustean. Orduan, alferrik ziren maisuen eta andereñoen aholkuak eta esanak. Guk oporretan izaten genuen burua. Egiteko lanak izan arren, ez genituen neguan bezalako arretaz egiten. Egin bai, baina beste era batera. Ondorioz, emaitzak ere halakoxeak izaten ziren, arretaren araberakoak. Neguan ia beti onak ziren aldean, udaberritik aurrera nahikoa genuen nahikoa ateratzea. Gero, maisuak eta andereñoak gurasoekin hitz egiten zuten, ikasturtea hizpide, eta ia ikasle denon ikasturte amaierako jardunaz hauxe esaten zieten: «Bukaeran erlaxatu egin da».

08.04.23

11:19:39 , Aitor Manterola , 601 hitz, 21 aldiz ikusia  
Atalak: Paperekoa: 'Harmailetatik begira'

Mendekuak eta fantasiak

Jeloskor

Nik ez dakit Athleticeko jokalariek Espainiako Kopako finala ikusi zuten. Baina Valentziak irabazi zuela jakin bazekiten. Orduan hasi zen igandeko garaipena itxura hartzen. Asteazken gauerdian. Valentziak kopa eskuetan hartu zuen une berean. Jeloskor jarri ziren jokalari zuri-gorriak, klubak hain kutuna duen kopa beste batzuek irabazi zutela ikustean. Horregatik igandeko grina eta kemena. Ez Intertoto eta ez Europa. Athleticen pizgarria mendekua izan zen. «Gu gara Espainiako Kopako erregeak» pentsatu zuten, eta Valentziak eragin zien saminaren bultzadaz, bazterrak txikitzera atera ziren Caparrosen jokalariak. Irabaztea ez zen nahikoa. Egurra eman behar zitzaien. Pentsatu, esan eta egin. Bost aldiz nozitu zuten kanpotarrek euskaldunen haserrea. Bost kolpe zehatz. Ongi prestatuak eta landuak. Inork ez dezan zalantzan jarri nor den oraindik ere Kopako erregea.

Saminduta

Deportivok Iruñean lortu zuen garaipena ez zen Deportivoren garaipena izan. Lotinaren garaipena izan zen. Lotinaren mendekua. Aurreko denboraldian, kolpe latza hartu zuen Meñakakoak Nafarroako Erresuman. Osasunaren eta Realaren arteko partida hartan kontu ilun asko egon omen zen. Batez ere, aurretik. Reala eta Osasuna berdinketa adosten saiatu omen ziren. Realak ezetz. Athletic ere tartean sartu omen zen, Osasunari Reala menderatzeko diru saria emanda. Omen, omen eta omen. Baina egun hartan minik handienetakoa hartu zuena Lotina izan zen. Barru-barruko mina. Istorio guztien erdian zegoen, Osasunako entrenatzailea zelako Realak irabazten uzten laga omen zien azken partida hartan. Lotina zen gipuzkoarren eta nafarren arteko balizko zorrak kitatzeko lotura. Azkenean, nahigabe bazen ere, barregarri samar gelditu zen. Saminduta. Igandean hartu zuen mendekua.

Ametsetan

Alaves ametsetan ibili da astebetean. Astearen erdian eta larunbat iluntzean. Aste barruko ametsak epaitegietan izan du sorburua. Pitermanek hamahiru milioi euro eman behar dizkio klubari. Ahalguztiduna tartean izanda, amets hutsa izan daitekeela pentsatzen dut. Amesgaizto bihur daiteke amets ederra. Ikusiko dugu. Bigarren ametsa Kanariar Uharteetan sortu zen. Partida galdu eta gero. Salmeronen hitzak entzun ondoren pentsatu nuen gizona ametsetan ari zela. «Atzealdean sendoagoak izan behar dugu, erasoan baloia gehiago erabili eta aurrealdean aukerak sartzen asmatu behar dugu». Ez du batere eskatzen andaluziarrak. Dena. Hori da hori ametsetan egitea. Amets perfektua da entrenatzailearena. Ederregia. Fantasia hutsa. Benetan uste al du eskatzen duen guztia beteko dela Liga bukatu artean? Ni ezezkoan nago. Atzealdeko lanari eskatzen diona bete ezean, ametsik ederrena ametsik gaiztoena bilaka daiteke.

Nahastuta

Eibarko jokalariak, bestela esanda. Joan zen asteburuko etxetik kanpoko garaipenak bazterrak aztoratu ditu. Aldagelatik kanpo. Ostiraleko prentsaurrekoan, Manix Mandiolari egin zioten galdera adierazgarria izan zen. Igotzeko aukerez galdetu ez zioten bada. Helburua mailari eustea dela erantzun zion entrenatzaileak. Baina igotzeko fantasiak jokalariengana ere heldu direlakoan nago. Nahigabe, baina heldu dira. Igandeko partidan ikusi zen. Partida berdintzeko sekulako lana egin eta gero, garaipenaren bila joan ziren itsu-itsuan. Taldea bitan hautsi zen, eta akabo. Bigarren gola jaso eta etxera. Castellon hamar jokalarirekin egonda, normala ere bada garaipenaren bila itsu-itsuan joatea. Baina jarrera horren oinarrian igotzeko aukerez Eibar aldean zabaldu den fantasia dagoelakoan nago. Nahasi egin dira edo dituzte jokalariak. Mailari eusteko helburua lortu behar da fantasietan pentsatzen hasi aurretik.

Harrotuta

Ez dakit hitz egokia den Lillok hartu duen jarrera zehazteko. Iritsi berritan esan zuen ez zela bere filosofia ezartzen hasiko eta aurrez ondo egindakoari eutsiko ziola. Jarrera umila. Baina kontrako bidea hartzen hasi dela uste dut. Horregatik jarri dut harrotuarena. Igandekoa ikaragarria izan zen. Taldea hankaz gora jarri zuen, eta hegaleko jokorik gabe utzi. Nasticek nahi zuena, alegia. Marti, Realeko jokalari onena, lekuz kanpo eduki zuen ia partida osoan, eta haren ekarpena eskasa izan zen. Lillo gauza errazak egitearen aldeko azaldu zen iritsi zenean, baina hasi da gauza zailak egiten. Hasi da marrazki bizidunetako futbola ezarri nahian. Fantasia hutsa. Betiko Lillo itzuli da. Eta betiko Lillok beste taldeetan lortu dituen emaitzak ikusita, datorren urtean ere Eibar-Reala Ipuruan eta Reala-Eibar Anoetan.

1 2 3 4 5 >>

Maiatza 2008
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
 << <   > >>
      1 2 3 4
5 6 7 8 9 10 11
12 13 14 15 16 17 18
19 20 21 22 23 24 25
26 27 28 29 30 31  

Futbola ez den edozertaz hitz egiteko baliatzen dute futbola batzuek. Hitz egin dezagun futbolaz.

Bilaketa

Erabiltzaile herramintak

powered by b2evolution free blog software