1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 ... 20 >>
Maitasuna eta futbola lotu zituzten Josu Uribek eta Juanma Lillok azken partiden ondorengo prentsaurrekoetan. Andregaia, harremana haustea, beste andregai bat aurkitzea… horiek denak erabili zituzten beren egoerak azaltzeko. Maite dituzte Eibar eta Reala, baina Eibarrek eta Realak ez dituzte haiek maite. Bi bihotzak negarrez. Alavesi kontrakoa gertatu zaio. Hark maite zuen Javi Lopez, baina entrenatzaileak Gasteizko andregaia utzi egin du, Huelvakoarekin maitemindu nahi duelako. Oraintxe da harreman zaharrak sendotzeko eta berriak sortzeko garaia. Baita zaharrak hausteko unea ere. Jokalariak eta entrenatzaileak klubekin maiteminduko dira, eta klubak jokalariekin eta entrenatzaileekin. Kontrakoa ere gertatuko da, eta haserretu egingo dira. Dena den, asteburuak utzi du aspaldiko maitasun istorio galduaren loraldi berria. 45 urtez banatuta egon eta gero, ezkondu egin dira berriz Real Union eta Bigarren Maila.
A ze festa!
18:30ean zen norgehiagoka. Irungo Gal estadioan. Real Union senargaia puntu-puntuan azaldu zen. Dotore. Gonbidatu mordoa ere hantxe zuen zain. Ia denak txuri-beltzez jantzita. Gertakari historikoa ikusteko irrikaz. Baina andregaia ez zetorren. Bigarren Maila ez zen azaltzen. Denentzat jakina zen halakoetan ordua ez dela betetzen, baina gehiegi ari zen berandutzen. Hogei minutu beranduago iritsi zen. Baina gelditzera ez. Gauza batzuk lotzeke utzi zituela esan zien han bildutako denei, eta azalduko zela ordu eta erdi geroago. Real Union eta gonbidatuak urduritu egin ziren. Aurretik ere antzeko zerbait egin izan zielako. Lau aldiz, gainera. Azaldu eta gero ezkontzarik gabe utzi senargaia eta gonbidatuak. Baina ez zen betiko urduritasuna. Bazekiten oraingoan egin egingo zela ezkontza. Eta halaxe egin zen. 20:30 inguruan azaldu zen berriz Bigarren Maila, eta Real Unionekin ezkondu zen. Hortik aurrerakoa festa ikusgarria izan zen.
Iñaki Berruet
Real Unionen denek merezi dute txaloa. Baina ezkontzaren prozesua luzea izan delako eta une txarrak ere egon direlako, bati aparteko ohorea tokatzen zaio. Iñaki Berrueti. Etxetik joan zen, beste klub batzuekin maitemindu zelako. Gogoangarria da Alavesekin izan zuen harreman zoragarri hura. Zenbat urte, eta zenbat ahalegin, Karmona lagun mina alboan zuela. Hor zehar ibili eta gero, Real Unionekin maitemindu zen berriz, Bigarren Mailarekin ezkontzeko. Lortu du helburua, eta taldekideei helburua lortzen lagundu die. Igandean bertan, andregaiak une batez ospa egin zuenean geroago itzultzeko, bera izan zen burua galdu ez zuena. Ezkontza aterako zela ziur zen, baina bazekien lana egin beharko zutela. Dena nahi zuen kontrolpean, eta halaxe egin zuen. Jatetxea, musika, opariak… denak zaindu zituen, eta ezkontza gauzatu zenean, omenaldi txikia bezain merezia eskaini zioten taldekideek eta gonbidatu guztiek. Jarrai dezala futbolarekin maiteminduta, futbolak behar ditu eta halakoak.
Ezkonbidaia
Ezkondu eta gero, bidaia etorriko da. Futbolaren elitera. Eguraldiari dagokionez, denetik egingo dio Real Unioni. Eguzkia, euria, lainoak, elurra eta kazkabarra. Askotariko lurraldea baita elite hori. Bidaian gozatu egingo du, eta sufritu. Elitean batetik bestera mugitu behar duenean, garaiz helduko dira abioiak, eta galduko ditu beste batzuk. Egongo da lasai ederrean, eta urduritasunak jango du zenbaitetan. Ustez paradisura doala usteko du, eta infernuaren beroak urtu egingo du batzuetan. Onean eta txarrean, goza dezala igandetik emazte duen Bigarren Mailarekin. Goza eta gozarazi dezala.
Derrigorrean ezkontzera
Eibar, Alaves eta Reala ere ezkontzera joan beharrean izan ziren asteburuan. Gogoz kontra, hori bai. Baina azaldu ziren Eibarren, Albaceten eta Elxen. Konpromisozko ezkontzak ziren. Itxura nagusi. Baina itxura egiten ere jakin egin behar da, eta txukun jardun zuten Eibarrek eta Realak. Ez Alavesek. Eibartarren eta donostiarren kasuan, inor ez zen konturatu gogoz kontra ezkontzen ari zirela. Gasteiztarrei hasieratik igarri zitzaien gogo falta. Honenbestez, bukatu dituzte sasoi honetako ezkontza guztiak. Emaitzak ez dira onak izan. Eibar eta Alaves etxetik bidali ditu Bigarren Mailak. Dibortzioa. Realari beste batzuekin alde egin dio bere ametsetako maiteak: Lehen Mailak. Baina futbola etengabe aukerak ematen ari denez, hilabete pare bat barru sortuko zaizkie hirurei maitemin berriak, amets zoragarriak, bikote perfektuak lortzeko gogoak. Hala izanik, maiteminduta egongo ez gara ba futbolarekin!
Bigarren Maila. Hogeita bi talde. Berrogeita bi jardunaldi. Maratoia bezain luzea. Abuztutik ekaina amaiera arte. Hamar hilabete. Luzeegia. Eta luzeagoa azken jardunaldian ezer ez badago jokoan. Horixe baita egungo egoera. Taldeek ez daukate ezer jokoan azken partida horretan. Igo behar zutenak igo dira. Jaitsi behar zutenak jaitsi. Zergatik ez da bertan behera gelditzen azken jardunaldia?
Ulergaitza
Eibarren gertatzen ari dena, bestela esanda. Gainerako kluben eredu denak zer arraiotarako behar du hausnarketa eta plan estrategiko berria? Maila galdu du, denboraldi negargarria egin du, baina horrek orain arte fruitu ederrak eman dituen eredua kolokan jarri behar al du? Txoro haizea sartu da Ipuruan, ustezko asmo berritzaileetan oinarrituta. Ondo dabilena bere horretan utzi behar da. Hori dago batetik, eta bestetik, herriari galdetzearena. Zaleei, jokalari ohiei, kazetariei eta abar. Polita da. Baina itxuraren planta hartzen du hau gehituta: «Hala ere, azken erabakia gurea izango da». Alex Aranzabalek esana. Presidentea da bera. Herriarekin baina herririk gabe, azken batean. Orduan, zertarako galdetu herriari? Kezkatzekoa da egoera. Nago hemendik urte batzuetara beste nonbait aurkitu beharko duela klub eredugarriren bat. Eibar ez delako izango. Josu Uribe entrenatzailearekin gertatzen ari dena ere bitxia da. Duela aste pare bat ziurtzat jotzen zen segi egingo duela. «Hordago handira jotzea da», presidentearen azalpena. Zaleek ez dutelako nahi Uribe. Orain, aldiz, ematen du entrenatzailea bera dagoela zalantzan. Beste bi astez luzatzen bada erabakia, zuzendaritza egongo da dudetan. Agian, herriaren erantzunaren zain daude zirt edo zart egiteko.
Dirua arazo
Larri dabil Alaves. Arlo guztietan. Ekonomian eta zelaian. Baina, azkenean, arazo guztien ama eta aita dirua da. Diru falta. Larunbatekoa adibide. Las Palmasen aurkariari, Rayori, ezin izan zion saririk eman partida irabazteko. Ezin piztu hilda dauden jokalariak. Halakoxe partida hila jokatu omen zuten madrildarrek. Husna egin, Las Palmasek beharrezkoa zuen puntua lortu, eta Alaves zulora. Horra larunbateko kontuak. Baina hara non, argiak zirrikitua aurkitu du ilunpean. Oraindik badu aukerarik ez jaisteko. Las Palmasek galdu egin behar du, eta Alavesek hamasei goleko aldeagatik irabazi Albaceten. Espainian ikusi dira halakoak. Gogoratzen Maltako jokalariekin? Baina berriz ere dirua arazo. Ezin erosi Albaceteko jokalariak nabarmen galtzen uzteko. Dirua izango balu, Albacetekoak galtzen utziko balira eta Alavesek 0-16 irabaziko balu, Espainian normaltzat joko lukete emaitza. Libre baita aurkariak erostea. Baina futbol ustelduan Alaves bera dago ustelduta. Alferrik galdutako sagar maskaldua bezala. Inguruko sagarrak ez daude hobeto, baina Gasteizkoa jota dago. Zorrak ustelduta. Zorraren harrak jan dio barrua. Diru faltak ito du.
Ez zen hain txarra
Reala lehiatu zen igandean. Ona da hori. Jokoan ezer ez izan arren, jokoan zerbait balute bezala aritu ziren jokalariak. Gero, partida garrantzitsu-garrantzitsuetan lehiatzeko oinarria hori izaten da. Lehian aritu zirenen artean bat nabarmendu zen. Azken bi denboraldietan bestelako itxura eman duen bat. Diego Rivasek sekulako lana egin zuen. Getafen nabarmendu zen garaian ez zuen askoz hobeto jokatuko. Baloirik gabe eta baloiarekin ederki jardun zuen. Zaleak eta kazetariok gauza bera pentsatzen ari gara orain: ez zen hain txarra. Bakerok aginduta, Realak ordaindu zituen hiru milioi euroek aditzera ematen zuten bezain ona ez, baina txarra ere ez. Gauza bitxiak gertatzen dira futbolean. Horietako bat da futbolariak denboraldi batetik bestera nola aldatzen diren. Onetik txarrera, eta txarretik onera. Rivas da adibideetako bat. Orain, onean da, eta arazoa dauka Realak. Loren kirol zuzendariak esan berri du saltzeko aukera ez duela baztertzen. Harrobian badaudelako euskarri onak. Harrigarria bada ere, zaleek eta kazetariok galdera hau egiten dugu: Rivas bezain onak bai? Hau idazteak tripako mina ere ematen du, baina bakoitzari berea zor zaionez, badoa: Bakerok asmatu egin zuen Rivasekin.
Hasi gabe ezin bukatu
Beste astebete iraun eta kito. Akabo Liga. Baina pentsatzen jarrita, bukatzeko hasi egin behar da. Hasi eta buka ibili egin behar da. Baina hasieratik bukaerara arteko bidea egin al da? Klub batzuek aurkariak erosi egin dituztela esaten da. Zaragoza dago begiz jota. Xerezek eta Tenerifek ere azken bi hilabeteetan bildu dituzten puntu piloek susmoa eragiten dute. Epaileen maila oso txarra ere kontuan hartu behar da. Sekulakoak eta bi egin dizkiete talde askori. Horregatik, hona galdera: sinesgarritasunik ba al du Bigarren Mailak? Bukatu, bukatuko da, baina ematen du hasi aurretik zegoela bukatuta.
Ikasturtea bukatzen ari da, eta, ohi bezala, umeak atera egiten dituzte ikastetxeetatik. Txangoa hona, bidaia hara. Eguna pasatzera, edo guk esaten genuen bezala, «bi lo egitera». Futbolaren ikasturtea ere bukatzear da, eta futbolariak atera egin dituzte kalera. Piraguan ibiltzera, zinema aretora eta Madrilera.
Martin irakasleari ez zaio gustatu
Ume hauek urrutira eraman dituzte. Madrilera. Berez, ikastetxearen asmoa zen bidaiari helburu didaktikoa ematea, baina umeek ez zeukaten horretarako gogorik. Ikasturte osoan tentsioz gainezka ibili dira, jo eta ke lanean, eta bidaia ondo pasatzeko aukera moduan hartu dute. Nahiz eta ikasturteko helburu nagusia ez bete. Betebeharrei muzin egin, eta beste gauza askotan murgildu dira. Lasai ederrean. Baina umeek azkarrenak direla uste arren, ez dakite helduak ume izan zirela urte asko lehenago. Irakasleak ikasle izanak direla. Haietako bat, ikastetxera heldu berria, Madrilen izan da. Ezkutuan. Datorren ikasturtean ikasle izango dituenak ikusten eta aztertzen. Martin izeneko irakasleak jarraipen zehatza egin die umeei. Hartu omen ditu hartu beharreko oharrak. Ikasleak banan-banan nolakoak diren ikusi du. Ikasleen arreta falta nabarmena ez omen zaio batere gustatu. Betebeharrak alde batera hain erraz uztea are gutxiago. Datorren ikasturterako lan mardula duela pentsatu du. Aldarte horretan itzuli da etxera. Milaka kilometrora duen etxera. Burutik pasatu omen zaio ez itzultzea, baina ez. Itzuliko da. Zuzenduko al ditu ikasleen ohitura txarrak? Ohitura txarra baita betebeharrak daudenean ez baleude bezala aritzea. Gero, bete beharreko zerbait dutenean ezin delako onena eman. Martin irakasleari esan diote ikasleek sarritan egin izan dituztela halakoak azken ikasturteetan. Baina itzuliko da.
Piragua hartu eta ospa
Beste ikasle multzo hau saiatuetan saiatuena da. Baina inork ez du gainditu ikasturtea. Ikastetxeko zuzendaritzaren erabakia hau izan da: ikasturtea errepikatu beharrean, mailaz jaistea. Bigarrengo Bigarren Mailan ariko dira datorrenean. Hasi ondo hasi ziren, baina berehala azaldu ziren zenbaki txikiak azterketetan: 0, 1, 2, 3… Irakaslea ere aldatu zieten, baina hark ere ikasleen pare jardun du: 0, 1, 2 edo 3. Munduko onena dela uste duen arren. Izerdia beltz bota dute hilabete luzeetan, nahi eta ezin. Horregatik, akaso, kostaldera txangoan eraman ditu ikastetxeak. Piraguan ibiltzera. Ikasle gehienentzat lehen aldia da. Baldar ibili dira ontzietan. Asmatu ezinda. Norabide zuzena hartu ezinda. Orekari eusten ere komeriak. Ikuskizuna ikusi dutenen ustez, ikasturteko itxura bera eman dute. Saiatu ikaragarri, baina asmatu… Irakasle berriak, Josu izenekoak, ez omen daki zer egin. Piraguan ibiltzen utzi ikasleei nazkatu bitartean, edo ikasturte berriari serio demonio ekin. Ez da erabaki erraza. Bietan moldatzen dira-eta antzera. Denean baldar aritzea gutxi ez, eta gelaren jardun eskasaren erantzule nagusitzat jo du aurreko irakasleak, Carlos izenekoak. Etsitzen hasita dago Josu, eta ez omen du baztertzen piragua hartu eta ospa egitea. Urrutira.
Maila bat behera
Ikasturtea amaitzear bada ere, gela batzuetan azterketa garrantzitsuak izan dituzte orain gutxi. Ikasle multzo honek larunbatean eduki zuen. Ikasleak tentsioz gainezka zeudelako edo, Javi irakasleak zinemara eraman zituen. Bezperan, ostiralean. Denak batera eta eskutik helduta, inor ez galtzeko. Helburua zen azterketa burutik kentzea. Umeak pozik joan ziren. Ez da zabaldu zer film ikusi zuten. Imajinazioa libre. Jakina da gela txintxoa dela Javi irakaslea dagoenetik. Lehen bestelako kontuak omen ziren. Ikasle batzuek ez ei zuten egin beharreko guztia egiten, aurreko irakasleak gustuko ez zituztelako. Aretoan geldi-geldi egongo ziren. Isil-isilik. Filma adi-adi ikusten. Larunbatean ere antzeko jarrera azaldu zuten azterketa garrantzitsuan. Baina ez dute gainditu. Azterketa bera gaizki-gaizki ez zuten egin, baina… ia beste guztietan bezala, kale. Orain, mirari handirik ezean ikasturtea bukatu artean, mailaz jaitsiko ditu zuzendaritzak. Bigarrengo Bigarren Mailara. Beraz, bi gela txar elkartuko dira datorren ikasturtean: Josurena eta Javirena. Berriz ere izango du fama txarra Euskal Herriko futbolak… barkatu, ikastetxe honek.
Ardurak banatu behar
Ikastetxeetan ikasle onak eta ikasle txarrak bereizten dira. Gela onak eta gela txarrak. Lehen hala zen, behintzat. Azken batean, ikasleak dira azterketak gainditu behar dituztenak. Baina badira irakasle txar askoak ere. Ardura, ordea, ikasleena da gehienetan. Gaurko gure ikastetxe berezi honetan ere ikasle onak eta txarrak, eta irakasle onak eta txarrak daude. Hiru gela, hiru kale. Arduradunak? Ikasleak, irakasleak… eta irakasleen gainetik dauden beste batzuk. Erraza baita umeen jardunaren atzean ezkutatzea.
Elitekoa eta beheko mailetakoa futbola da. Kirol bera. Baina bada ezberdintasunik. Akaso, ez da hitz egokia izango, baina sanoagoa da behekoa goikoaren aldean. Eta ez da egokiena izango, behean ere iruzurrak izaten direlako. Hala ere, benetakoagoa da, goikoak itxuraren zantzua daukan bitartean. Ez da gauza bera dirutza irabazten duen futbolari bati begira egotea edo ia-ia musu truk ari den bati begira egotea. Gertuago sentitzen zara beheko mailakoarengandik. Hurbilekoa zaizu. Hedabideetan beti egoten gara goikoei begira, behekoak erabat ahaztuta. Eta behekoek ere lan aparta egiten dutelako, merezi dute lekua. Askotan, lan isilak zaratatsuak baino etekin eta onura hobeak ematen dituelako.
Benetakoan iruzur
Larunbatean, zortziak eta hogei aldera, zertan ari ote zen Jose Antonio Camacho? Eta Osasunako jokalariak? Agian, afaritan egongo ziren. Buruan hurrengo eguneko finala izango zuten denek. Salbazioa lortzeko azken urratsa. Lortuko zutela pentsatuko zuten gehienek. Baina zalantzak ere izango zituzten. Batzuk urduri jarriko ziren aldarte horretan, baina beste batzuk, agian, ez hainbeste: «Azken batean, profesionala naiz, eta Osasunan ez bada, beste nonbait egingo didate lekua». Ordu berean, Iruñetik 110en bat kilometrora, iparralderago eta herri batean, finala galdu egin zuen futboleko beste talde batek. Ez dute entrenatzaile Camacho, eta jokalari bat berak ere ez zuen pentsatu hau: «Berdin da galdu izana, datorren denboraldian egingo didate lekua beste nonbait». Lur jota zeuden denak. Izan ez zen penalti batek galarazi zien finala. Azken-azken minutuan. Larunbatean, zortziak eta hogei aldera, benetako futbolak sekulako kolpea hartu zuen. Gaizki pentsatzen hasita, goiko futbolean ohikoak diren azpikeriek eta iruzurrek agerraldia egin zuten Azpeitian, Lagun Onak taldearen aurka.
Umil
Denboraldi honen hasieran, harrokeria galanta esan zuen Joaquin Caparrosek: «Munduko talde onena da nirea». Harrotu egin zen, aurreko sasoian mailari eustea lasai antzean lortzeagatik edo. Datorren sasoiaren hasieran, auskalo zer esango duen, Espainiako Kopako finalera heldu eta gero. Beheko futbolean ere badira balentriak. Izan dira orain ere. Bi aipatze aldera: Lagun Onak Hirugarren Mailako talde onena izatea handia da, eta Elgoibar Bigarren B Mailara igotzeko kanporaketan sartzea ere bai. Azpeitiarrek badute igotzeko aukera oraindik, eta elgoibartarrek ez. Sekulako lana egin arren, ez ditut ikusten datorren sasoiaren hasieran Aitor Zulaika eta Jagoba Arrasate, Lagun Onakeko eta Elgoibarko entrenatzaileak, «munduko talde onena da nirea» esaten. Umil segituko dute lanean. Eta ez lukete egingo Caparrosek egin duena asteburuan. Iker Munian gazte-gaztea Valentziara eraman, eta deialditik kanpo utzi. Harrotzeko espainiarrak hainbeste motibo eduki arren, umiltasuna dutelako oinarri entrenatzaile lanetan.
Borondatea
Reala ez da igoko aurten ere. Mingarria da. Baina ez da askoz gozoagoa Anoetako partidetan taldeak eman duen itxura. Puntuak galtzea gauza bat da, eta emandako itxura bestea. Jokalariek dena ematen dutela ezin da zalantzan jarri, baina batzuetan indar gutxirekin aritu izan direla eman izan du. Lillok ezarritako jokatzeko ereduak eragina izan dezake horretan. Herenegun, eredu horren geldotasunari igotzeko ia batere aukerarik gabe gelditu izana gehitu zitzaion. Eta oso-oso partida txarra jokatu zuten jokalariek. Batere grinarik gabe. Uler daiteke egoera horretan, baina onartu ez. Larunbatean, kolpe latza hartu zuten Lagun Onakeko jokalariek. Realekoek hartu dutena baino handiagoa. Baina datorren asteburuan, igotzeko beste kanporaketa daukate, eta dena emango dute Altolagirrek, Tenak, Orbegozok, Aranburuk, Arruek eta gainerako guztiek. Berdin egingo dute itzuliko partidan, joanekoan sekulako danbatekoa hartuta ere. Horra goiko eta beheko futbolaren arteko beste ezberdintasun bat.
Errudun asko
Duela pare bat hilabete edo, Eibarren egoera txarraren erruduna Carlos Pouso entrenatzailea ez zela idatzi zen atal honetan. Ez zitzaion gustatu Alex Aranzabal presidente berriari. Baina, hara non, joan zen astean jokalariei bota zien errua jaitsi direlako. Ez omen dute ondo jokatu. Korapiloak askatzen hasita, galderak sortzen dira: nork ekarri zituen ondo jokatu ez duten jokalari horiek? Noren erabakia izan zen Asier Goiria golegilea saldu eta ordezkorik ez ekartzea? Zergatik egon zen kluba idazkari teknikorik gabe denbora luzez Javi Perez Alavesera joan eta gero? Azkenean, emaitzak txarrak direnean, errudunak klubeko kide guztiak izaten dira: entrenatzailea, jokalariak eta agintariak. Eibar klub berezia izango da gainerakoen aldean, baina salbuespena ez da. Ematen du, gainera, denborarekin berezitasun hori ere galdu egingo duela. Eta ez da jokalarien erruagatik izango, ezta entrenatzaileengatik ere. Hau irakurtzen badu, presidentea haserretu egingo da, baina, agian, denborarekin arrazoia emango dit. Nahiago nuke arrazoia ez ematea.
Bai, baina…
Sinesten dut, sinesten dut. Kostata, baina Alavesengan fedea eduki daiteke. Esan eta esan ari ziren ondo ari direla lanean, eta azkenean, eman du fruitua lanak. Javi Lopezek berripaper honetan esan zuen joan zen astean: «Ziur nago irabazi egingo dugula larunbatean». Esan eta egin. Beste hau ere esan zuen: «Salbatu egingo gara». Sinetsi egin behar zaio. Datorren astean dute erronka latza Vigon. Finaletan finalena. Celta edo Alaves. Bietako bat jaitsiko da, edo, agian, Las Palmas. Entrenatzaileak hitzeko gizona ematen du, eta sinetsi egin behar zaio. Baina bada kezkatzeko motiborik. Kontrola ezin daitekeen elementuekin argi! Celta Bigarren B Mailara jaistea handia litzateke, eta bati baino gehiagori komeniko zaio ez jaistea. Ibil dadila erne Alaves. Epaileekiko fedea gora eta behera ibiltzen dut nik. Sinesten hasten naizenean, beraiek galarazten didate. Eta larunbatean, Azpeitian gertatu zena gertatuta, berriz ere fedea galdu dut haienganako. Beti indartsuen alde egiten dutelako. Beheko futbolean eta goikoan. Horra bi futbolak batzen dituen ezaugarri bakanetako bat.
Badoa denboraldi hau ere, eta laster etorriko da hurrengoa. Bat bukatu aurretik, bestean pentsatzen hastea ezinbestekoa dute klubek. Gureetan ematen du hartuta daudela erabakiak, denak argitara eman ez badituzte ere. Entrenatzaileen eta kirol agintarien inguruan gertatzen ari dena bitxia da zenbait kasutan. Oso erabaki garrantzitsuak direlako datorrenari begira. Ia-ia funtsezkoak.
Caparros bai edo ez
Beste denboraldi baterako dauka sinatuta Athleticeko entrenatzaileak. Zuzendaritza pozik da haren lanarekin. Jarraitu egingo duela ematen du. Emaitzak ere alde dauzka. Ligan, mailari eustea aurrekoek baino lehen lortu du, eta Espainiako Kopako balentria hor dago. Taldea asko gaztetu du, eta bizkarrezurra eraberritu. Meritua du horrek. Hala ere, zenbait lekutatik, zalantzan jartzen ari dira entrenatzailearen jarraipena. Diotenez, jokalariak ez daude oso gustura. Jokatzen ez dutenak erabat baztertuta sentitzen ei dira, eta jokatzen duten batzuk ere hasi omen dira gustura ez egoten. Jokoari erreparatzen bazaio, ez da talde fidagarria. Etxetik kanpo oso ahula da, eta etxean ere partida asko galdu ditu azken bi denboraldietan. Noizean behin erakutsi du etxeko sendotasuna; behar izan duenean, argi esanda. Caparrosen jarraipenak ez dit konfiantzarik ematen. Igarle lanak egiten hastea izango da, baina jarraitzen badu, susmoa daukat ez dela Gabonetara iritsiko. Emaitzak alde ditu, eta orain entrenatzailea aldatzea ezohiko erabakia izan daiteke, baina agian, horixe litzateke zuzenena.
Non da Lorenzo?
Duela hilabete batzuk, futboleko zale ia denek zekiten nor zen Osasunako kirol zuzendaria. Orain, batzuek ahaztuta izan dezakete haren izena. Bizi al da Juanjo Lorenzo? Ziganda kendu eta Camacho ekarri zutenetik, mutu da gizona. Hantxe eten omen ziren zuzendaritzarekin zituen harremanak. Patxi Izko presidenteak fitxatu zuelako Camacho, kirol zuzendaria Zigandaren jarraipenaren alde zegoen bitartean. Harrezkero hitzerdirik esan ez duenez, eta azaldu ere azaltzen ez denez, zalantza batzuk sortzen dira. Lanean jarraitzen al du? Nor ari da datorren denboraldia prestatzen? Agian, Camachorekin gertatu zen bezala, zuzendaritza ari da lan horretan, entrenatzailearen aholkuekin. Bitxia da egoera. Argitu beharrekoa. Izkok eta kasurik ez badiote egiten Lorenzori, dirua alferrik galtzen ari da kluba haren soldatarekin. Edo bestela, akaso, Lorenzo botatzea garestiagoa izango da.
Lillorekin zalantzak
Realak beste entrenatzaile bat jango du laster. Azken urteetan auskalo zenbatgarrena. Baina Lillori kontratua ez berritzearen arrazoia ez dira emaitza txarrak izango. Azken denboraldietan, berak lortu baititu emaitza onenak. Hortaz, zergatik ez du jarraituko? Galdera hori egiten dute batzuek. Erantzuna Tolosakoaren kontrakoek ematen dute: ez duelako Lehen Mailara igotzeko helburua lortu, eta taldearen jokoa ez delako batere fidagarria; etxeko partidetan, batez ere. Jakina da jokalariak eta Loren kirol zuzendaria Lillok jarraitzearen aldekoak direla, baina zuzendaritza ezezkoan dagoela kontatzen da. Ordezkoa ere lotuta omen daukate. Niretzat, Lillok hankasartze handi hau egin du: jokalari gehienen ezaugarriekin bat ez datorren jokatzeko eredua aukeratu. Eta Anoetako partidetan beste eredu bat behar zela aspaldi ikusi zen arren, bereari eustea izan da beste oker handia. Baina akatsak akats, zerbait eraiki du. Okerra izan arren, eredua hor dagoelako. Baina jarraituko ez duenez, berriz ere beste abiapuntu batetik hasi beharko du Realak. Jakingo balu, sikiera, norabideak zein izan behar duen… Nora ezean jarraitzen du oraindik ere klubak, eta horra hankasartzerik handiena eta larriena.
Uriberen lana
Hamaika partida zuzendu dizkio taldeari Josu Uribek, eta alerik ez du irabazi. Lanean hasi zenean, lau puntura zeukan salbazioa Eibarrek. Orain, hamaikara dauka. Bigarren B Mailara jaitsiko da. Uriberen ardura ere izango da, beste askorenarekin batera. Hala ere, jarraitu egingo duela ematen du. Zuzendaritza gustura omen dago haren lanarekin, eta bera ere pozik denez, kontratua luzatuko diote. Ez da ohikoa futbolean, baina ohikoa ez izateak ez du esan nahi erabaki okerra denik. Ohikoak izanagatik hartzen diren erabaki asko okerrak izaten direlako sarritan. Beste ikuspuntu bat ere badu Uriberen jarraipenak. Klubak baino entrenatzaile gehiago dagoenez, gero eta zailagoa da goi mailetan lana aurkitzea. Gainera, betikoak ibiltzen dira talde batetik bestera. Oso atzerakoia da agintariek entrenatzaileekiko duten jarrera. Berrikuntzak ez zaizkie gustatzen. Uribe batetik bestera ibiltzen zen lehen, baina Alavesetik bota eta gero, sasoi honetan ez du lekurik aurkitu. Hirugarren Mailako Ribadesellak fitxatu zuen otsailean, eta handik heldu zen Eibarra. Konturatuko zen garesti dagoela elitean jarraitzea, eta, agian, horrexegatik erabaki du Eibarren segitzea. Agintariek behin betiko ahaztea baino hobea da.
Javi Perezen agurra
Ez dago idazkari teknikoa, baina zegoenean bezala ari da lanean Alaves. Erabakiak zuzendaritzak hartzen ditu. Nonbait, ez ziren ondo konpontzen Fernando Ortiz de Zarate presidentea eta Javi Perez futboleko kontuetan. Alfer-alferrik zegoen klubean, erabat baztertuta, eta bota egin dute. Horrek beste aztergai hau ere badu: zaleei esan zaie jokalariak txarrak direla. Haiek fitxatu zituena kalera botata, kluba onartzen ari da jokalariak ez direla onak. Idazkari teknikoak ez duela lana ondo egin. Jokalarien aurkako pintaketak azaldu eta egun pare batera Javi Perez botatzea ez du ematen jokalarien aldeko erabakia izan denik. Zaleen ustea indartu besterik ez baitu egin. Igandean Tenerifen hartutako egurrak ez zituen zaleak batere baretuko, eta ikusi egin beharko da nolako giroa egongo den larunbatean Mendizorrotzan, Huescaren aurkako finalean. Bestelakoan, idazkari teknikoa bota izanak ez du asko baldintzatzen klubaren etorkizuna. Desagertzeko arrisku bizian dagoenez, Alavesen ez baitira ariko datorren denboraldia prestatzen.