«Larritasunaren aurrean bestaldera begiratzea» egotzi dio EAEk Udalari
Larunbaterako elkarretaratzea deitu dute; mobilizazioa Gudarien enparantzan izango da, 12:00etan hasita
Aritz Mutiozabal
EAE-ANV eta EHAK alderdien jarduna etetearen aurrean Getariako Udalak hartu duen jarrera salatu zuen herriko EAEk, herenegun egindako agerraldian. Izan ere, «udalbatzarra deitzea baztertu dute gaiak duen larritasunaren aurrean bestaldera begiratuz. Beste hainbat gairen inguruan ezohiko udalbatzarrak deitu izan dituzten arren. Egunero kaleko jardueretan parte-hartzen ikusten dugu alkatea kanpaina eginez, baina ezker abertzalearekiko duen jokabidea kontraesanez beteta dago».
Gatazka politikoa «elkarrizketa eta negoziazio bidez konpondu» behar dela berretsi zuen EAEk, «beti ere gatazka sortzen duten gako nagusiei helduz; lurraldetasuna eta erabakitzeko eskubidea, alegia. Horrela, Loiolako elkarrizketen moduko bake saiakerak bultzatzea izango dugu helburu eta horiek emateko baldintzak sortzeko lanean jarraituko dugu».
Elkarretaratzeko deialdia
Gaiaren eta egoeraren «larritasuna» kontuan izanda, herritar guztiei antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin zieten. Beraz, bihar eguerdian, 12:00etan hasita, elkarretaratzea egingo dute udaletxe aurrean, Gudarien enparatzan.
HITZA, 2008ko otsailaren 15a



