Edukira joan

Urola Kostako Hitza

Urola Kosta
2008ko irailak 5, Ostirala

Harpidetu zaitez!

2008-07-26 | 18:18:08

Kirola

Pello Aizpuruk azkena ere irabazi

Hogeita bost urteko ibilbide luzea egin ondoren, erremonte jokalariak gaur jokatu du azkeneko partida

[Berria. Imanol Magro] Hogeita bost urteko ibilbide luzea egin ondoren, erremonte jokalariak gaur jokatu du azkeneko partida eta 33-40 irabazi du. Lasai eskegiko du xistera, partida guztietan beti bere onena eman, eta agur esateko garaia iritsi zela ikusten zuelako.

’Maestro’ du ezizena, maisua. "Frontoian eta kalean deitzen diogu hala!”, dio garrasika Txetxu Iriartek Galarretako aldagelan. “Ez dakit zergatik, baina hala da, ’maestro’ deitzen didate“, erantzuten du umil Pello Aizpuruk (Urrestilla, 1964). Erremontean profesionaletan jokatzen eginiko 25 urteengatik izango da agian, edota buruz buruko txapel bat eta binakako hiru irabazi arren, beti bere onena ematen zuelako gogoratzen dutelako zaleek. Izan liteke, halaber, azken sei urteetan berak zuzendu duelako Azpeitiko pilota eskola, eta azken aldiko hasiberri gehienak handik irten direlako. Arrazoiak sobera daude bera maisua dela nabarmentzeko, eta gaur arratsaldean eman du azken ikasgaia, Galarretan. Koteto Ezkurra izan du bikotekide, eta 33-40 irabazi diete Iņaki Lizasori eta Imanol Altunari.

Hunkituko den beldur da Aizpuru, omenaldian malkoei eustea kosta egingo zaiola dio erdi serio, erdi txantxetan. “Azken aldian filmekin ere negar egin izan dut, eta ez dakit...”. Gaur azkenekoz sartu da Galarretako aldagelan, eta azkenekoz jarri du poltsa ate alboko aulki zatian. Beste askok txoko hori gogoko dute, baina Aizpuruk jokatzen badu badakite beste nonbait aldatu behar direla. Hierarkia da, maisuarekiko errespetu kontua.

Oraindik ezin du sinetsi gaur azken partida jokatu duenik, baina badaki agur esateko garaia iritsi dela. “Iaz orkatilan min hartu nuen, eta harrezkero ez nenbilen maila berean; enpresak ere iradoki zidan uztearena, eta arrazoia eman nien”. Burua tente duela irtengo da gaur Galarretatik; badu, bai, harro egoteko arrazoirik. 25 urte jokatzen igarotzea gutxiren esku dago; berak, baina garrantzia kentzen dio, lesioekin zortea izan duelako eutsi diola esanez. Hor prestaketak ere zerikusia izango zuen, Aizpuruk erregulartasunari esker lortu baitu ospea, beti maila ona eman izan duelako. ’Zintzoa’ izan dela diote aldagelan; Aizpuru, ordea, umoretsu mintzo da bertuteaz. “Horrekin ere haserretzen hasia naiz, zintzoaren eta tontoaren artean ez baitago tarte handirik”.

Hogeita bost urteko bidea hitz gutxitan laburtzea ez da erraza, baina Aizpuruk erretiroa lasai hartuko duela aitortzen du. “Hasi berritan, goian egon naizenean eta azken urteetan beti nire onena eman dut. Prestatu ere ondo prestatu izan naiz, baita zaindu ere; kirolariak ondo egon behar du, eta nik lortu dut, eta horregatik nago lasai”. Bide luze eta arrakastatsua izan da, gainera; urte asko igaro zituen estelarrak jokatzen, eta lau txapel irabazi zituen, buruz buruko bat (1993) , eta binakako hiru (1990, 1993 eta 1998).

Erremontearen bilakaera

Aizpuruk ondo ditu gogoan debuteko garaiak, eta aita asko poztu zela debuta egingo zuela esandakoan. Hasi berritan gora iristeak egiten zion ilusio, eta Matxin II.ak gidatzen zuen Ford Taunusak. Gerora, makina bat aldiz joan ziren elkarrekin Galarretara, kidea Matxinbentakoa baitzen. “Garai haietan erremontistak batera joaten ginelako pilotalekura”. Debuta egin berritan esan baliote, inondik ere ez zuen sinetsiko 25 urte geroago jokatzen jarraituko zuenik; eta harrezkero erremontearen egoera asko aldatu dela azaltzen du. “Lehen oihartzun gehiago zuen, toki gehiago egunkarietan. Pentsa, garai haietan esku-huskako pilotari asko haserre ziren erremonteak zuen oihartzunarengatik”. Dena den, Aizpuruk ez du katastrofista izan nahi; 181 eta 183 partida jokatu zitueneko urteak urrun gelditu arren, haren iritziz, erremontea ez dago hondoa jota, Galarretak ondo eusten baitio urteen joan-etorriari.

Urteak pasatu arren, gauza bat ez da aldatu. “Aldagelara sartzean aurpegira begiratzea nahikoa da zeinek irabazi duen asmatzeko. Gaur ere, galtzen badut, amorrua emango dit”. Izaera lehiakorra ezinbestekoa da puntan mantentzeko, eta, atzera begira jarrita, Aizpuruk buruz buruko txapela gogoratzen du unerik gozoen gisa. “Txapela, eta 1987an irabazi nuen Udaberriko Torneoa, nire lehen torneoa zelako”. Une garratzena zein izan zen garbiago du, memoriatik ezabatzea kostatzen diren horietakoa izaki, gainera. “Azkue II.ari pilotakada jo eta begia galdu zuenekoa. Mila aldiz eskatu nion barkamena, eta zoritxar hark urte pare batez baldintzatu zuen nire jokoa”.

Jokoa asko aldatu dela iritzi dio Aizpuruk, piloten eraginez bereziki. “Lehen goiko jarrerek ez zuten balio; orain, aldiz, ezinbestekoak dira”. Urrestillakoa ez da ausartzen jokoak txarrera egin duela esaten, baina berak aurrekoa nahiago zuen. “Agian niri hobeto zetorkidalako izan daiteke”. Pilotariez hitz egitean bi nabarmentzen ditu; aurrean, Koteto Ezkurra “inoizko onena”, eta atzean Imanol Mujika.

Iraganak, orainak, eta etorkizunak bat egiten dute Aizpururengan, Azpeitiko pilota eskolako irakaslea baita, azken aldian hasiberri gehien eman dituen eskola. Harrobia oso joria ez bada ere, gazteen maila defendatzen du. “Jende askok hain onak ez direla uste du, baina ez da hala, onak dira, puntako bat irtetea falta zaie; baina, aurrean bereziki, Ezkurra eta besteak estu hartuko dituena”.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.
Pello Aizpuruk azkena ere irabazi

Pello Aizpuru erremonteko jokalaria.

© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa