
2008-07-10 | 15:21:46
POLITIKA
Urola Kostako Udal Elkarteak estatutuak aldatu ditu, 1989ko testua «zaharkituta» zegoelako
Joan den astean egindako batzar orokorrean hartu zuten erabakia
Urola Kostako Udal Elkarteak joan den astean egin zuen batzar orokorra eta bertan estatutu berriak onartu zituen. Orain arte, kosta bailarako bost udalerriak bateratzen dituen erakundeak 1.989an onartutako estatutuekin funtzionatu du, baina «zaharkituta» gelditu ziren estatutu haiek eta aldatzea erabaki zuten. Hala azaldu zuen behintzat Udal Elkarteko lehendakari Lide Amilibiak. «Orain dela urtebete inguru hasi ginen helburuak fintkatzen eta mahaiak oraintsu arte jardun du lanean. 1989az geroztik legeak aldaketak izan ditu eta egokitu beharra zegoen. Bestalde, aginte organoak aldatzea ere komeni zen, dinamikoagoak izateko eta erabakiak azkarrago hartzeko». Dena den, estatutu berriak datozen hauteskundeak pasatu ondoren sartuko dira indarrean.
Amilibiak beste bi arrazoi ere eman zituen estatutuen aldaketa oinarritzeko: batetik testuaren artikulazioa garai batekoa zela adierazi zuen, eta bestetik, eskumen banaketa gaurkotuagoa islatu behar zela gaineratu zuen. Esate baterako, 1989ko estatutuetan suhiltzaileen zerbitzua Udal Elkarteak kudeatzen duela ageri da, baina badira urte batzuk lan hori egiten ez duela.
Aginte organoetan aldaketak
Urola Kostako Udal Elkarteak bi aginte organo nagusi ditu. Batetik, bost udalerrietako zinegotzi guztiek osatzen duten batzar orokorra dago. Bestetik, berriz, Batzorde Exekutiboa eratzen dute hartu beharreko erabakiak eta dokumentuak aldez aurretik lantzeko (ikusi alboko taula). Estatutu berriekin, Batzorde Exekutiboak pisu handiagoa hartuko du Udal Elkarteko kudeaketan.
Bestalde, lehen hiru lehendakariorde zeuden tokian bakarra jarriko dute, Batzorde Exekutiboko 15 kideren artean bat aukeratuta.
Politikarien eztabaidak
Ezker abertzaleko Andoni Etxanizek hartu zuen hitza eta estatutuen aldaketak «herri partaidetza ahalbidetu eta eskualdeko mapa politikoa erakundera ekartzea» bermatu behar lukeela esan zuen. Aldaketak «norabide batean» egin direla iritzi zion Etxanizek, «botere kontzentrazioa» bultzatuz eta EAJren «posizioa hobetzeko». Alderdi politikoen «pisua fidelago islatuko» duen Batzorde Exekutiboa proposatu zuen, 17 kidekoa.
PSE-EEko Patxi Elolak zehaztu zion, «Udal Elkartea herrietako zinegotzien ehunekoekin osatzen zela, ez herritar guztiak kontuan hartuta». Aldaketak ontzat eman zituen Elolak, nahiz eta Etxanizen araberako kalkuluetan «kaltetuak izan». Zarautzek «gutxi barru» 24.000 biztanle izango dituela eta Batzorde Exekutiboan beste ordezkari bat beharko duela gaineratu zuen Elolak. Aldaketek «kudeaketa arinduko» dutela uste du.
Lide Amilibiak eta Joxe Mari Agirrek, biak jeltzaleak, ukatu egin zuten aldaketak beraien alderdiaren mesedetan egin direnik. «Ez zaio maltzurkeriarik atxiki», zioen Agirrek. Ildo beretsutik jo zuen EAko Jon Burgañak ere, estatutuak indarrean sartzeko berriz hauteskundeak egi nbehar direla zioenean. Burgañak Zarautzek «elkartasunez jokatzen» duela esan zuen ziurtasunez: «Guk aurrekontuaren %50a jartzen dugu, eta horrek ordezkaritzaren erdia izateko eskubidea ematen al digu?».
EB-Aralarreko Andoni Ibargurenek «egokiago» ikusten zuen Batzorde Exekutiboko ordezkarien lehen muga 5.000 biztanletan jartzea, «koloreak aniztasunean» islatu daitezen.
Lehenbiziko iritzi erronda amaitutakoan, Etxanizek berriz hitz egiteko aukera eskatu zuen baina Amilibiak ez zion eman hitzik, bere «argumentuak argi azalduta geldit» zirela argudiatuz. Etxaniz behin eta berriz saiatu arren, Amilibiak ez zuen iritziz aldatu.
Bozketaren ordua iritsi zenean, aldeko 27 boto eman zituzten (EAJko, EAko eta PSE-EEko zinegotziak) eta kontrako 10 boto (ezker abertzalea eta EB-Aralar).
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.