
2008-05-22 | 13:21:15
GIZARTEA
Kostako Etxebizitza Topaketak izango dira larunbatean Putzuzulon
Kostako herrietan bizi duten egoerak ezaugarri bereizgarriak dituela iruditzen zaie eta arazoaren jatorri nagusietako bat turismoa dela diote
«23 urte ditut, lanean ari naiz, herrian alokairuko etxebizitza gutxi dago eta prezioak zeruan daude, BOEk iruzur bat dira eta 60 milioi pezetako hipoteka batean sartzea ez dut pentsatzen. Beraz, gurasoen etxean bizi naiz». Hori da Aratz Zearretaren egoera, baina kostaldeko beste milaka gazteren egoera ongi islatzen du. Etxebizitza lortzeko arazoak hitzetik-hortzera dabiltza azken urteotan, bai kalean, baita politikarien ahotan ere. Baina arazoak berdintsu jarraitzen du. Horregatik antolatu dituzte Kostako Etxebizitza Topaketak, «elkartu, arazoak guregan zertan eragiten duen ikusi, hausnartu, eta egoerari buelta nola eman diezaiokegun aztertzeko». Bihar egun guztian zehar Orioko, Zarauzko, Zumaiako eta Debako gazte mugimenduek elkar hartuko dute Putzuzulo gaztetxean, «eskualde honetan inoiz baino arazo larriagoa den arazoaz» hitz egiteko
Bestela ere etxebizitzaren arazoaz asko hitz egiten da jende artean, Zearretaren ustez «norberak pertsonalki pairatzen duen arazoa delako». Dena den, Julen Kantalapiedra zarauztarraren iritziz «uste baino barneratutago» dauka jendeak errealitatea gogorra izango dela: "Etxebizitza lortzeko dena eman behar da, zuloan eta hipotekan sartu behar da. Jendearentzat zama astuna da hori, baina nola etxebizitzak arazo hori sortuko digula badakigun, normaltzat jotzen da sarritan».
Uda eta turismoaren eragina
Kantalapiedra eta Zearretaren ustez kostako herrietan turismoak nabarmen baldintzatzen ditu etxebizitza lortzeko aukerak. «Uda datorrela ikusita, lau herriok batu eta kontzientziazio lan bat egin behar dela pentsatu genuen, arazoa kaleratuz eta esanez: zu hilabete baterako zatoz eta urte guztian etxea hutsik daukazu, gu hemen bizi gara eta ez daukagu etxebizitzarako eskubidea bermatuta». Udatiarrei jakinarazteaz gain, egoeraren berri herri guztiari ematea ere beharrezkotzat jotzen dute biek, «denok izan dezagun arazoaren kontzientzia».
Zarautzen oso nabarmena da udatiarren etorrera uztailean eta abuztuan. «Askotan etxe asko hutsik egoten da urte guztian. Dena den gero eta udatiar gehiagok dauka urtean zehar etxea alokatzeko joera, baina udan bizilagunak bota egiten dituzte». Eta horrez gain, bada beste egoea bat ere: urte guztian alokairuan bizi diren pertsonena, baina udako bi hilabetetan prezio garestiagoa ordaintzen dutenena. Errenta normala 700 euro ingurukoa baldin bada, uztailean eta abuztuan 2.000 euro ordaindu behar izaten dituzte. «Batzuk epeka ere ordaintzen dute prezio gehigarri hori», zehazt udu Kantalapiedrak.
Egiazko eragina eta okupazioa
Eta gazte mugimenduen aldarrikapen guzti hauek zenbaterainoko eragina dute? Zearetaren hitzetan «Zumaian orain hasi da gutxieneko eragina izaten» eta Udalarekin arazoa jorratzeko mahai bat osatuko balitz aurrerapausoa izango litzatekeela dio. Zarautzen, berriz, «eragina hutsaren hurrengoa» dela dio Kantalapiedrak.
Okupazioa ere askotan aldarrikatu izan da. Zearretak «alternatiba pertsonala eta tresna eraginkorra» izan daitekeela dio. «Irtenbidea ez, tresna bai». Hau eta beste hari mutur asko, bihar aztergai.
Urko | 2008-05-26
Hi DGM, nahikua iu! Hi soldatak nundik dabiltzan enteau re ez haiz iten ezta? 1300 € soldata kaxkarrra? Noski hoi baino soldata altuauak badaudela baina 1300 € eztek inundik e kaxkarra. Pixkat enteatu ai gaur eguneko nominetan numerua nundik zebiltzaztiken. Aitu ber dianak!
Beste bat | 2008-05-23
Orduan besteok ze esan behar ote degu, 1300€ baino dexente gutxiago irabazten degunok
zarauztarra | 2008-05-23
Ta hoi zer da , soldata kaxkar bat ???
GDM | 2008-05-23
Aratz horren antzeko egoeran aurkitzen naiz ni. Soldata kaxkar bat daukat (1300 € inguru) eta ez nago prest 60 milioiko hipotekan sartzeko. Alokairua gainera adarjotze hutsa iruditzen zait: hilero hipoteka bat bezain beste ordaindu etxebizitza inoiz zurea ez izateko (nola ordaindu kopuru hori betirako baja hartu edo jubilatu eta gero?), bertan nahi beste obra edo aldaketarik ezin egiteko eta gainera jabeak nahi duenean hanka egin behar izateko. Aspaldi erabakia daukat kanpora bizitzera joatea. Une honetan Alicanten ari naiz lana bilatzen.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.