
2008-05-03 | 13:24:52
EKONOMIA
Maiatzaren 13an bilduko dira arrantzaleak Arrantza Ministerioarekin
Antxoa arrantzatu gabe gelditzeagatik diru laguntzarik jasoko duten ala ez jakin nahi dute arrantzaleek
Antxoa ezingo da arrantzatu aurten ere. Berdelaren kanpaina amaitu da eta antxoarik arrantzatu ezin denez, lehorrean daude, besteak beste, Orioko eta Getariako arrantzontziak. Arrantzaleak kezkatuta daude, ordea, instituzio publikoen aldetik diru laguntzarik ez dutela jasoko zabaldu baita zenbait komunikabidetan azken egunotan. Antza denez, Arrantza Ministerioak ez luke dirurik edukiko antxoa ez harrapatzeak arrantzaleei sortuko dien galera ekonomikoa orekatzeko. Orioko Kofradiako lehendakari Santi Peirok balorazio bat egiteko «goizegi» iritzi dio: «Ezin dugu esan laguntzarik egongo ez denik, Espainiako gobernuak guri zuzenean oraindik ez digulako ezer esan». Horregatik, agintariekin hitz egin arte espekulatzen aritzea alferrikakoa iruditzen zaio Peirori. Berak adierazi duenez, maiatzaren 13an elkartuko dira bileran Kantauri itsasoko arrantza federazioa eta Espainiako Arrantza Ministerioa.
Antxoa ezingo da arrantzatu aurten ere. Antxoaren biomasa, espeziea galzorian jartzeraino murriztu zelako hartu zuen erabaki hori Europar Batasunak orain bi urte, eta mementoz neurria mantendu egingo du.
Berdelaren kanpaina amaitu da eta antxoarik arrantzatu ezin denez, lehorrean daude, besteak beste, Orioko eta Getariako arrantzontziak. Arrantzaleak kezkatuta daude, ordea, instituzio publikoen aldetik diru laguntzarik ez dutela jasoko zabaldu baita zenbait komunikabidetan azken egunotan. Antza denez, Arrantza Ministerioak ez luke dirurik edukiko antxoa ez harrapatzeak arrantzaleei sortuko dien galera ekonomikoa orekatzeko.
Zurrumurru eta duda guztiak uxatzeko, presazko bilera eskatu diote Espainiako Arrantza ministro Elena Espinosari Gipuzkoako eta Bizkaiako arrantzaleek, Espainiako Kantabria eta Asturias erkidegoetako arrantzaleekin batera. Egoera zein den argitu nahi dute. Zentzu horretan, Orioko Kofradiako lehendakari Santi Peirok balorazio bat egiteko «goizegi» iritzi dio: «Ezin dugu esan laguntzarik egongo ez denik, Espainiako gobernuak guri zuzenean oraindik ez digulako ezer esan». Horregatik, agintariekin hitz egin arte espekulatzen aritzea alferrikakoa iruditzen zaio Peirori.
Iaz ere ezin izan zuten antxoarik harrapatu, eta aurtengo geldialdia ere Bruselak (Belgika) onartutakoa dela dio Peirok: «Jakinaren gainean zeuden ezingo genuela antxoatara irten, eta zurrumurruak egia badira, tristea da orain dirurik ez dagoela esatea».
Bizkaiako kofradien lehendakari Iñaki Zabaleta ere egoeragatik kezkatuta agertu da. Arrantzaleak «urduri» daudela azaldu du, arrantzara irten ezean diru sarrerarik gabe geratzeko beldurrez. Horregatik, diru laguntzarik ez badago «edozer» gerta daitekeela ohartarazi du Zabaletak: «Gauza asko gerta daitezke, eta bat bera ere ez da ona izango»
Peirok adierazi duenez, maiatzaren 13an elkartuko dira bileran Kantauri itsasoko arrantza federazioa eta Espainiako Arrantza Ministerioa. Bilera horretan gipuzkoarrek ere parte hartu nahi dutela azaldu du Peirok, baina federazioak eurak kaleratu egin zituztela gogorarazi du. Dena dela, gipuzkoarrei parte hartzen utzi ala ez erabakitzen ari da egunotan federazioa.
Gipuzkoarren eta federazioko gainerako kideen arteko tirabira berdelaren kanpainan izan zen; federazioak egunean arrantzatu ahal zen gehienezko berdel kantitatea ezarri zuen,eta gipuzkoarrek ez zuten onartu. Izan ere, gipuzkoarrek sarearekin arrantzatzen dute eta egun askotan ezin izaten dute itsasoratu. Egun horietan galdutakoa berreskuratu ahal izateko, asteroko gehienezko kantitatea ezartzea proposatzen dute.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.