
AZKOITIA
2008-05-08 | 17:02:14
Bihar hasiko dira Martitte auzoko Pentekoste jaiak
Martitte jatetxeak bost eguneko egitarau zabala prestatu du
Bihar (ostirala) hasi eta datorren maiatzaren 13a bitartean, Pentekoste Jaiak ospatuko dituzte Martitte auzoan. Azkoitiko auzorik trikitizaleena, erromeria eta euskal giroan murgilduko da bost egunez. Martitte Jatetxeak Azkoitiko Udalaren laguntzarekin antolatu duen egitarau zabalean, bertsolaritza, musika, elizkizunak eta gastronomia izango dira protagonista. Igandean, Zumarragako Trikitixari egingo dioten omenaldiaz gain, Azkoitiko hainbat trikitilariren saioak entzuteko aukera izango da Martitten, hala nola, Kupela taldea edota Imuntzo eta Beloki.
AZPEITIA
2008-05-08 | 16:44:17
31. Urola Bailarako Argazki Rallya Xabier Segurola hendaiarrak irabazi du
Larunbatean, Rallyan parte hartu dutenen argazkiak erakutsi eta sariak banatuko dituzte, 19:00etan, Tren Museoan
Azpeitiko Argazki Elkarteak XXXI. Urola Bailarako Argazki Rallyko irabazlea Xabier Segurola hendaiarra dela jakinarazi du. Azpeitiko lehen sailkatua, berriz, Juan Carlos del Pozo izan da. Bihar, Rallyan parte hartu duten guztien argazkiak ikusteko aukera izango da, Euskal Trenaren Museoko ikusentzunezko gelan, 19:00etan.
ZARAUTZ
2008-05-08 | 15:15:33
IX. Jazz Mintegiko gonbidatu berezia Alexis Cuadradoren laukotea izango da
Mintegiko ikasleentzat izena emateko epea ireki dute jadanik
Begirada Hego Amerikan jarrita antolatu dute uztailaren 17tik 20ra egingo den Nazioarteko IX. Jazz Mintegia, «jazz bizia, erritmikoa eta kolorezalea» ekarri nahian. Halaxe azaldu du Jazz Mintegiko zuzendari pedagogiko Iñaki Salvadorrek gaur Koldo Mitxelenan egin duten aurkezpenean. Mestizajea, jazzaren bidez lortzen den kultur aniztasuna eta Hego Amerikatik etorriko diren irakasleak izan ditu hizpide Salvadorrek, bere alboan Zarauzko Kultura zinegotzi Arantxa Iturria, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Kutxako ordezkari Haritz Sodupe eta Euskadiko Autore eta Argitaratzaileen Elkarteko Jose Lorenzo Urretabizkaia dituela. Bestalde, gaur jakinarazi dute zein izango den aurtengo gonbidatu berezia: Alexis Cuadrado Puzzles Quartet. Herrialde Katalanetatik duela 10 urte inguru joan zen Alexis Cuadrado New York aldera, eta bere inguruan sortutako laukoteak protagonismo berezia hartuko du Zarauzko Mintegian. Bakarlari ospetsu bat ekarri beharrean, talde baten aldeko apustua egin dutela zehaztu du Salvadorrek: «Proposamen artistiko bat ekartzea pentsatu genuen, urteetan ondo ibili den talde batek bizi izandako esperientziara gerturatu nahian».
ZUMAIA
2008-05-08 | 12:24:17
Arraindegietarako eta harategietarako 1.000 ontzi berrerabilgarri banatuko dituzte bihartik aurrera
Hondatutako poltsak berriengatik aldatzeko aukera ere izango da
Plastikozko poltsen erabilera murrizteko kanpainarekin jarraituz, bi ekimen berri jarriko ditu abian Urola Kostako Udal Elkarteak, Zumaiako Udalarekin eta Merkatari elkartearekin elkarlanean. Alde batetik, oihalezko poltsa berrerabilgarrien 'renove' plana sustatuko dute; hau da, zaharkituta edo hondatuta dauden poltsak berrien gatik ordezkatzea. Bestetik, poltsa horiek arraindegietarako eta harategietarako aproposak ez zirenez, 'tupperware' edo plastikozko ontzi berrebilgarriak banatuko dituzte. Guztira, 1.000 ontzi banatuko dituzte bihartik aurrera (maiatzak 9); familia bakoitzeko ontzi bat.
Urola-kosta
2008-05-07 | 17:24:04
Ezker abertzaleak mobilizaziorako deia egin du biharko, ostegunerako
«Salbuespen egoera» salatzeko hainbat elkarretaratze eta manifestazio egingo da egunean zehar, eskualdean
Bihar astebete beteko da Arrasateko alkate eta EAE-ANVko ordezkari Ino Galparsoro espetxeratu zutenetik. «Ezker abertzalearen eta Euskal Herri osoaren kontrako beste erasoa» salatzeko hainbat mobilizazio deitu ditu eskualdeko ezker abertzaleak, gaurko, Salbuespen egoerari, stop lelopean.
ZUMAIA
2008-05-07 | 12:12:08
Arrangoletako haurreskola berriak astelehenean zabalduko ditu ateak
Datorren ikasturterako matrikulazio kanpaina hilaren 19tik 30era izango da
Arrangoletako haurreskolako lanak bukatzear daude, azken xehetasunak baino ez baitzaizkie falta. Egunotan horretan ari dira buru-belarri langileak, izan ere, datorren astelehenean zabalduko dute. Horren haritik, Zumaiako alkate Iñaki Agirrezabalagak eta hezkuntza zinegotzi Nerea Epeldek eraikin berriaren inguruko azalpenak eman dituzte gaur goizean, haurreskolan bertan egindako agerraldian. Adierazi dutenez, astelehenean 5 ume hasiko dira eraikina erabiltzen; uztailean, beste 5 ume hartuko dituzte. Datorren ikasturterako matrikulazio kanpaina hilaren 19tik 30era izango dela jakinarazi dute udal ordezkariek. Bestalde, Ardantzabideko etxebitzetako behe solairuren batean behin betiko haurreskola egokitzeko ideia aztertzen ari direla gaineratu du alkateak.
ZARAUTZ
2008-05-07 | 11:40:09
Zarautz Kantuan ekimena abiatuko da larunbatean
Herritarrak kanturako biltzea da helburua eta hileko bigarren larunbatetan izango da
Atzo iluntzean aurkeztu zuten Zarautz Kantuan ekimena eta larunbatean abiatuko dela jakinarazi zuten. Herritarrei gonbidapen zabala egin zieten kanturako bildu daitezen, "errazak eta ezagunak" izango direlako. Lehenbiziko hitzordua larunbatean jarri dute, Lege Zaharren enparantzan, 12:00etan. Aurrera begira, ohitura sortu nahi dute kantuzaleen bilkura honetarako eta hilaren bigarren larunbatetan bilduko dira abeslariak. Herriko musika eragileak bildu dira ekimena antolatzeko eta Udaleko Kultura Sailak laguntza emango die, esate baterako, kantutegien liburuxkak kopiatzeko orduan.
AZKOITIA
2008-05-06 | 17:09:25
Maiatzaren 8tik 10era egingo dituzte Bebarruko Jardunek, Matadeixen
Esperimentaziorako hainbat proposamen ekarriko dituzte Italiatik
Behin ere baino esperimentalago dator aurtengo Bebarruko Jardunek ekimena. Jolaserako eta eraldaketarako gogoz daudenak Matadeixen dute hitzordua, bihar hasi eta larunbata bitartean. Soinua, irudia eta hainbat ikuskizun berezirekin osatu du egitaraua Matadero Ekintzak taldeak. Horretarako, Italiatik etorritako lagun talde baten laguntza izango dute. Stefano de Angelisek, Antonio Tremanik, Gabriele Serinik, Marcello Liberatok, Gianmarco Serrak eta Alex Mendizabalek sorkuntza lantzeko hainbat proposamen aurkeztuko dute Azkoitiko jaialdian.
Erakusketa
Santa Maria la Real arkeologia multzoa
ZARAUTZ, Arte eta Historia Museoa - 2008-03-31
kirola
'Pelotas en juego' filma
AZPEITIA, Betharramen - 2008-05-11
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.