
AZPEITIA
2008-07-12 | 12:44:20
Karasusa okupatu zutenetik Udal Gobernua bakarrik aldatu dela salatu du Gazte Asanbladak
Bi urte bete dira herriko gazte talde batek Karasusa etxea okupatu zuela; horren harira idatzia atera dute
[Uztarria] Bi urte bete dira herriko gazte talde batek Karasusaneko etxea okupatu zuela. "Denok etxe duin batean bizi ahal izateko eskubidea dugula aldarrikatzeko" helburuarekin burutu zuten. Urteurren horren harira, Azpeitiko Gazte Asanbladakoek idatzi bat kaleratu dute etxebizitza gai hartuta. Gazteen esanetan, "okupazio hartatik aldatu den gauza bakarra Udal Gobernu taldea izan da eta badakigu gai korapilotsu honen aurrean lanean ari dela, alternatibak bilatu nahian".
ZUMAIA
2008-07-11 | 11:16:26
ERTZAINAK SARTU DIRA GAZTETXERA ETA 15 LAGUN IDENTIFIKATU DITUZTE
Bart iluntzean gaztetxearen inguruan ibili ondoren, gaur (uztailak 11, ostirala) goizeko 08:45ak aldean sartu dira
Beltzez jantzitako 8 bat ertzain Zumaiako gazteek hartu berria duten Erkibe etxera sartu dira gaur goizean, 08:45ak aldera, eta bertan zeudenak identifikatu dituzte. Erresistentzia gisa 15 lagun zeuden une horretan Gaztetxean, eta horiek datuak hartu dituzte. "Beheko solairura jaitsiarazi gaituzte eta gure nortasun agiriak jaso dituzte. Gure datuak zentralera pasatu ondoren, salaketa jarri dutela eta salaketarekin batera bertan geundenon izenak joango direla esan digute", gertatutakoaren berri eman du idenrifikatu duten gazteetako batek. Horrekin batera, "salaketa tramitatu eta agindua jaso bezain pronto, eraikinetik bidaliko gaituztela adierazi digute. Era berean, gure kabuz etxetik aldegiteko eskatu digute, baina bertan geratzen baldin bagara, indarrez bidali egingo gaituztela". Ordu erdiko kontua izan dela nabarmendu du indentifikatu duten gazteak. 'Baleike.com'-en gertakariaren bideoa zintzilikatu dute: http://www.baleike.com/article.php?story=20080711021624242
Urola-kosta
2008-07-10 | 15:21:46
Urola Kostako Udal Elkarteak estatutuak aldatu ditu, 1989ko testua «zaharkituta» zegoelako
Joan den astean egindako batzar orokorrean hartu zuten erabakia
Urola Kostako Udal Elkarteak joan den astean egin zuen batzar orokorra eta bertan estatutu berriak onartu zituen. Orain arte, kosta bailarako bost udalerriak bateratzen dituen erakundeak 1.989an onartutako estatutuekin funtzionatu du, baina «zaharkituta» gelditu ziren estatutu haiek eta aldatzea erabaki zuten. Hala azaldu zuen behintzat Udal Elkarteko lehendakari Lide Amilibiak. «Orain dela urtebete inguru hasi ginen helburuak fintkatzen eta mahaiak oraintsu arte jardun du lanean. 1989az geroztik legeak aldaketak izan ditu eta egokitu beharra zegoen. Bestalde, aginte organoak aldatzea ere komeni zen, dinamikoagoak izateko eta erabakiak azkarrago hartzeko». Dena den, estatutu berriak datozen hauteskundeak pasatu ondoren sartuko dira indarrean.
AZKOITIA
2008-07-10 | 14:50:40
Pedro Yrizarrek euskal aditzari eskainitako lan osoaren azken liburua aurkeztu dute
Euskaltzaindiak argitaratu du hizkuntzalari azkoitiarraren bilduma
Andres Urrutia euskaltzainburuak, Jose Luis Lizundia diruzainak, Koldo Artola ohorezko euskaltzainak, eta Yrizarren semeek, Iñigok eta Pedrok, aurkeztu dute liburua, gaur, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan. Liburua Pedro Yrizar izan zenaren 'Morfología del verbo auxiliar' liburu sortaren azken emaitza da: hamabosgarren liburua. Liburu horietan guztietan euskal aditz laguntzailea bere azterketaren oinarri izan zuen Yrizarrek.
ZARAUTZ
2008-07-10 | 13:58:39
Etzi (larunbata) jokatuko da Halterofiliako XVII. Zarautz Saria
Malekoian izango da txapelketa 11:00etatik aurrera, eta aurten ere Emilio Olazabal izango dute gogoan kirolariek
Etzi, larunbata, 11:00etan hasiko da malekoian Halterofiliako XVII. Zarautz Saria. Bi txapelketa jokatuko dira bertan. Gazteen Zarauzko Halterofilia Saria goiz partean eta 15:30etik aurrera, berriz, Halterofiliako XVII. Zarautz Saria. Guztira 52 kirolarik hartuko du parte lehiaketetan, eta tartean Emilio Olazabal izango dute gogoan. Gazteen sari banaketa 13:30ean hasiko da, eta helduena, berriz, 20:00etan. Gainera, 19:30etik 20:00etara herri kirolak izango dira.
ZUMAIA
2008-07-09 | 19:28:30
ERKIBE ETXEA OKUPATU DUTE GAZTEEK, GAZTETXE BIHURTZEKO
'Eman o hartu' leloa zeramaten elastiko urdinez jantzitako lagun ugarik hartu du parte
Zumaiako gazteek Erkibe etxe okupatu berri dute (hilak 9, asteazkena), eta bertan sortu nahi dute Gaztetxea. 'Eman o hartu' lelotzat hartuta, elastiko urdindun gazte ugari elkartu da Amaia Plazan. Handik, trikitiak lagunduta, Erribera kaletik behera hurbildu dira Beheko Plazaraino. Han, Erkibe etxeko hesiko katea mozten saiatu dira baina, lortu ez dutenez, lagun batek hesia saltatu du eta guztiak etxearen zelai barrura sartu dira. Bien bitartean, gazte batzuk leiho batetik eraikinera sartu, barrutik atea hautsi eta etxea bere egin dute. Txalo artean hartu dute adreiluz tapatutako atea bertan behera botatzen hasi diren unea. Behin atea botata, guztiak barrura sartu dira eta herriko gaztetxea izango dena bisitatu dute. Hona hemen okupazioaren bideoa eta Zumaiko Gaztetxe Asanbladaren irakurketa:
Urola-kosta
2008-07-09 | 14:34:47
Zumaia-Getaria trainerua sortu dute, emakumezko arraunlariekin
‘Esperantza’ ontzia erabiliko dute eta Getarian entrenatuko dira; lehen estropada hilaren 23an izango dute, Donostian
Trainerilletan eta bateletan aritu diren Getariako eta Zumaiako jubenil-senior emakumezkoak indarrak batu dituzte eta Zumaia-Getaria izeneko trainerua osatu dute. Hainbat bilera egin ondoren, talde berriaren inguruko xehetasunak zehazten hasi dira dagoeneko. Hartu beharreko lehen erabakia hartu dute jada. Arraunlariak Getarian entrenatuko dira, Getariako arraun elkarteko Jabier Etxaberen eta Aita Mari elkarteko Jabier Osa Saskateren ardurapean, eta Esperantza ontzia erabiliko dute estropadetan.
AZKOITIA
2008-07-08 | 17:24:06
2010ean Oinartxon ezarriko dute Berrigunea
Hainbat erakunde, enpresa eta eragileren elkarlanarekin egingo dute Urola Erdiko Berrikuntza Gunea
2010. urtean Oinartxo industrigunean kokatuko da Urola Erdiko Berrigune-Berrikuntza Gunea, eskualdeko enpresa txikietara eta ertainetara berrikuntzaren kontzeptua eraman eta sustatzeko asmoarekin. Gipuzkoan aitzindaria izango den gunea Innobasque egitasmoaren baitan kokatzen da. Berrikuntza teknologikoa euskal gizartean eta produkzio sarean ezartzea da Innobasquen helburu nagusia. Hainbat erakunde dagoeneko hasi dira proiektuan lanean. Besteak beste, Deustu eta Mondragon unibertsitateak, Orkestra (Lehiakortasunaren Euskal Institutua), Compañia Ibermatica, eta Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza ari dira elkarlanean proiektua bideratzen. Azkoitiko Udalak joan den otsailean sinatu zuen Oinartxoko Industrialde berria egiteko hitzarmena. Guztira, 17 milioi euroko inbertsioa egingo dute Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Azkoitiko eta Azpeitiko udalek. Gaur egun Insausti industrialdean dauden enpresez gain, kanpoko zein herriko beste hainbat enpresa bilduko ditu industrialde berriak.
Musika
Jazz Gauak: Mintegiko irakasle eta ikasleak
ZARAUTZ, Munoan - 2008-07-20
kirola
XXVIII. San Inazio Saria
AZPEITIA, Herriko plazan - 2008-07-26
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.