
AZPEITIA
2008-07-26 | 18:18:08
Pello Aizpuruk azkena ere irabazi
Hogeita bost urteko ibilbide luzea egin ondoren, erremonte jokalariak gaur jokatu du azkeneko partida
[Berria. Imanol Magro] Hogeita bost urteko ibilbide luzea egin ondoren, erremonte jokalariak gaur jokatu du azkeneko partida eta 33-40 irabazi du. Lasai eskegiko du xistera, partida guztietan beti bere onena eman, eta agur esateko garaia iritsi zela ikusten zuelako.
AZPEITIA
2008-07-26 | 18:09:18
Umeen Euskal Festa izango da bihar (igandea) Azpeitian
Hamasei herritako erraldoiek parte hartuko dute kalejiran
Bihar (uztailak 27), goizean goizetik haurrak, erraldoiak eta musika izango dira protagonista Azpeitiko Umeen Euskal Festan. 10:45ean, umeen Udalbatza aterako da udaletxetik Parrokiara bidean eta meza ondoren, erraldoien desfilea izango da. 11:30ean irtengo dute erraldoiek kalejiran, Parrokia aurretik. Hamasei herritako erraldoiek parte hartuko dute: Azpeitia, Azkoitia, Zarautz, Bergara, Deba, Oiartzun, Bilbo, Hondarribia, Legazpi, Irun, Elgoibar, Iruņea, Amurrio, Zangotza, Txantrea eta Tafalla; azken hauek berriak izango dira Azpeitiko erraldoien kalejiran. Horiekin batera, dultzaineroak, trikitilariak eta gaiteroak ere ibiliko dira. Ondoren, erraldoien dantza lehiaketa antolatu dute herriko plazan, 12:45ean. Arratsaldean, berriz, haur eta gazteentzako musika saioak izango dira Txanogorritxo taldearekin eta Abiba disko jartzailearekin.
AZPEITIA
2008-07-25 | 15:03:51
Euskal Herriko Herriartekoan Azpeitia txapeldun
Gaur jokatu dute finala Huarteren kontra, Iruņean
Euskal Herriko Herriarteko Pilota Txapelketan Azpeitiak (Gipuzkoa ordezkatuz) lortu du txapela, Huarteri (Nafarroa ordezkatuz) 0-3 irabazi ondoren. Finala, gaur (uztailak 25) goizean jokatu dute, Iruņeako Labrit pilotalekuan. Herritarrek pilotariei harrera gaur egingo diete, 20:00etan.
ZUMAIA
2008-07-25 | 11:03:14
Udaleko alderdi politiko guztiak Zumaiako Gaztetxe Asanbladarekin hitz egiteko prest agertu dira
Alkateak urte bukaerarako beste lokal bat eskainiko die; izan ere, Erkibe erabiltzea "arriskutsua" dela dio udal teknikarien txosten batek
Atzo iluntzean egin zen udalbatzarrera Zumaiako Gaztetxe Asanbladako 50 kide inguru agertu ziren. Udalbatzarraren amaieran hitza hartu zuten eta gaztetxeari buruz udal taldeekin "banan banan eta urgentziz" hitz egiteko nahia azaldu zuten, "desalojo mehatxupean" daudelako eta "egoera gogorra" delako. Udal talde guztiek onartu zuten proposamena; Iņaki Agirrezabalaga alkateak, gainera, urte amaierarako gazteei beste lokal baten "eskaintza sendoa" egiteko konpromisoa hartu zuen. Dena dela, bai alkateak bai EAJ alderdiak euren kezka agertu zuten Erkibe etxearen egoera dela eta. Udal teknikariek egindako txosten batek etxearen egoera erabiltzaileentzat "arriskutsua" izan daitekeela dio, eta hala jakinarazi zieten atzo gazteei. Datozen asteetan gazteek eta Udaleko alderdi politikoek bilerak egingo dituzte "egoera honi irtenbideren bat emateko".
AZPEITIA
2008-07-24 | 13:13:01
Foruen Ibilbidean hasi dira txosnak muntatzen
Aurten aurreneko aldiz karpa jarriko dute jatekoarekin
[Uztarria.com] Santio bezpera da gaur, hilak 24, eta dagoeneko iritsi dira txosnak herrira. Atzo, astelehena muntatu zituzten santiotarako irekiko dituzten bi txosnak: Gaztetxearena eta gazte mugimendukoa. Ohiko lekuan muntatu dituzte, azoka plazaren atzean. Bihar, Santio eguneko ganadu feria ere Zelailuzen edota Foru Ibilbidean egiten delako zabalduko dituzte gaur bi txosna. Gainontzekoak larunbatean irekiko dituzte.
Urola-kosta
2008-07-24 | 12:15:57
Eskualdeko arraunlariak nagusitu dira Gipuzkoako Txapelketan
Zumaia-Getariako neskek eta Orioko mutilek eraman zituzten banderak atzo arratsaldean
Atzo arratsaldean eskualdeko arraunlariak izan ziren nagusi Donostiako Kontxako badian. Bertan jokatu zen Gipuzkoako Txapelketa, eta Zumaia-Getariako neskek zein Orioko mutilek irabazi zuten txapelketa. Gizonezkoetan Zumaia laugarren izan zen eta Zarautz, berriz, bosgarren. Ondorioz, azken honek ezingo du parte hartu Euskadiko Txapelketan, aurreneko laurak sailkatzen direlako lehiaketa horretarako. Bai Orioko entrenatzaile Joxean Olaskoaga 'Aizperro', bai Zumaia-Getariako arraunlari Leire Antia "oso gustura" agertu dira atzo lortutako garaipenekin. Oriotarrek "konfiantza eta lasaitasuna berreskuratu" dituzte garaipen honi esker, eta bihar Galizia aldera "ilusionaturik" abiatuko dira. Hala ere, han irabaztea "zail" ikusten du Olaskoagak, "Urdaibai eta San Pedro gogor dabiltzalako". Antia eta bere taldea, berriz, datorren ostegunean jokatuko duten Euskadiko Txapelketara begira daude. Hura jokatu ostean, irailean Kontxako Banderan ere izango dira eta ordura arte elkarrekin entrenatuko dira bi herrietako arraunlariak.
AZPEITIA
2008-07-23 | 15:07:45
Aireko kutsadura %42an jaitsi zen aurreko urtean Azpeitian
Haurtzaroa eta ingurumena azterketaren baitan jasotako emaitza da
[Uztarria.com] Haurtzaroa eta ingurumena proiektuaren baitan egindako azterketaren arabera, aireko kutsadura %42an jaitsi zen aurreko urtean Azpeitian 2006ko datuekin alderatuta. Azpeitiko udaleko arduradunen esanetan, "Azkoitiko fundizioaren itxiera izan da jaitsiera horren eragile nagusia".
ZARAUTZ
2008-07-22 | 14:46:18
Guardia Zibilak dokumentazioa eraman du Amenabar enpresatik
13:00etatik enpresaren egoitza barruan egon dira eta oraintxe joan dira (17:20)
Guardia Zibila Amenabar enpresako egoitzan sartu da gaur 13:00etan, bertan egon da orain arte eta alde egiterakoan dokumentazioa eraman du bi kaxatan sartuta. Langileak ere egoitza barruan egon dira, eta batzuk normaltasunez jardun dute lanean. Guardia Zibilak mementoz ez du adierazi egoitzara zergatik sartu den. Dena den, zenbait hedabidek zabaldu duenez, "ETAri dirua emateagatik" ari dira ikerketa egiten guardia zibilak: ustez ETAk 600.000 euro eskatu baitzizkien eta Amenabarrek 200.000 euro ordaindu.
Musika
EVISAVUELOREN KONTZERTUA
GETARIA, UDALETXEKO PLAZAN - 2008-08-08
Irteera
Parrokiara bisita gidatua
AZPEITIA, Parrokia - 2008-08-08
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.