
AZKOITIA
2008-10-06 | 16:46:18
Azkoitian ospatuko da Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna
Urriaren 15ean gaiari buruzko jardunaldia egingo da, Baztartxo antzokian
Azkoitian ospatuko da datorren urriaren 15ean Landa Eremuko Emakumeen V. Nazioarteko Eguna. Emakumeek mundu osoan egiten duten lana nabarmentzea, publikoki ospatzea, eta landa eremuko emakumeek egiten duten lanaren aitorpen soziala bultzatzea dira ekitaldiaren helburuak. Landa Eremuko Emakumeen Elkarteak antolatu du eguna eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailak sustatu du. Baztartxo antzokia izango da Landa Emakumeen Nazioarteko Eguneko jardunaldien topagunea. Erakunde pribatu nahiz publikoetako hainbat hizlarik parte hartuko dute hausnarketa saioetan. Emakumeak nola tratatzen diren landa eremuaren inguruko legerian eta plangintzetan, bizi duten egoerari buruzko datuak eta jabekuntza ekonomiko zein soziala ahalbidetzeko esperientzia praktikoak aztertuko dira bertan.
ZARAUTZ
2008-10-06 | 12:58:14
Kike Lopez asturiarra izango da ZAEko entrenatzaile berria
Antxon Illarramendi lehendakariaren hitzetan, "ziklo bat betetzeko asmoz" etorri da Zarauzko arraunlari taldea gidatzera
Jose Ramon Mendizabal entrenatzaileak utzitako hutsunea aurrerantzean Kike Lopez asturiarrak beteko du ZAEn. Eguerdian egin dute aurkezpen ekitaldia eta ZAEko lehendakari Antxon Illarramendik taldeko elastikoa jantzi dio Lopezi. Illarramendiren hitzetan, "ziklo bat betetzera" etorri da asturiarra eta bertan urte batzuk egitea da hasierako asmoa. Entrenatzaile lanez gain, arraunean ere jardungo du 1986az geroztik arraun munduan sartuta dabilen Lopezek. Orain arte Laredon ibili da entrenatzaile eta arraunlari lanetan, eta aurretik Castropol, Astillero eta Orio taldeak pasatu ditu.
ZESTOA
2008-10-06 | 12:05:46
Grises Sueños taldea lan berria prestatzen ari da
Bederatzi abestiz osatutako lana abenduan ateratzea espero dute
Grises Sueños talde zestoarra bere lan berria prestatzen ari da azken egunotan. Bederatzi abestiz osaturiko lana izango da eta abendu amaierarako prest egongo dela uste dute. Azpeitiko "Lobo Studios" eta Donostiako "Doctor Master" estudioetan grabatuko dute.
ZUMAIA
2008-10-06 | 11:37:19
Iñaki Osa Goikoetxeak irabazi du Zesta-Puntako Bakarkako Munduko Zirkuitua
30-21 gailendu zitzaion zumaiarra Eric Irastorzari Master Jai enpresak antolatutako txapelketaren finalean
Iñaki Osa Goikoetxeak beste garaipen bat eskuratu zuen larunbatean. Master Jaik antolatuta, Zesta-puntako Munduko Zirkuitua jokatzen ari dira azken egunotan, eta bakarkakoan larunbatean izan zen finala. Zumaiarra nagusitu zitzaion Eric Irastorzari 30-21 emaitzarekin. Orain binakako txapelketa hasiko da, eta Osa Goikoetxeak bertan parte hartuko badu ere, aurtengoan ez du Gotzon Enbil bikotekide izango; Goikoetxeak Cisneros izango du lagun eta Enbilek, berriz, Zelaiarekin jokatuko du. Bihar HITZAko paperezko edizioan osorik irakurri ahal izango da Iñaki Osa Goikoetxeari egindako elkarrizketa.
GETARIA
2008-10-03 | 19:32:08
Getaria eta Zumaia arteko errepidean haitzak erori dira, eta auto istripua eragin du
Une hauetan auto gutxi batzuk pilatu dira eta trafikoa Ertzaintza kontrolatzen ari da
Getaria eta Zumaia arteko N-634 errepidean haitzak erori dira bidera, 19:00ak aldera, Gaztetapeko hondartza pasatu eta berehala. Antza denez, gertatutakoak bi auto kaltetu ditu. Une hauetan auto gutxi batzuk pilatu dira eremu horretan, eta trafikoa Ertzaintza kontrolatzen ari da.
ZESTOA
2008-10-03 | 18:53:04
Zestoako Euskara Aholku Batzordeak herriko tokien jatorri-izenak berreskuratu nahi ditu, modu horretan arau toponimiko logikoei jarraituz sortzeko kale antolaketa berria
Zestoako Euskara Aholku Batzordeak duela ia hamarkada batetik atzeratzen joan den gai bati heldu dio: herriko toponimoen normalizazioaren gaiari, hain zuzen. Helbura herriko eta inguruetako plano erreal, zehatz eta bateratua sortzea da. Izan ere, hainbat izen gaizki agertzen dira zenbait lekutan, beste zenbait normalizatu gabe daude eta kasu askotan izen desegokiak agertzen dira.
AZKOITIA
2008-10-03 | 16:45:22
Bizkargi Musika Eskolak logotipo lehiaketa egingo du ikasleen artean
Ikastetxeak 25 urte bete ditu aurten eta irudi berriaren bila dabil
Bizkargi Musika Eskolak 25 urte betetzen ditu 2008-2009 ikasturte honetan. Urtemuga borobila ospatzeko, irudia aldatu eta berritu nahi du ikastetxeak eta horretarako logotipo lehiaketa antolatu du. Ikasturtean zehar hainbat ekimen antolatzeko asmoa dute Bizkargikoek eta horiei guztiei irudi aldetik jarraitasun bat emateko helburuarekin ikasleen artean lehiaketa zabaldu dute. Sortu zenetik, Bikargi Musika Eskolak Barriketako iturriaren irudia erabili du logotipotzat. Lehiaketari esker aukeratuko duten irudiak aurrekoa izango du oinarritzat, baina kolore eta bizitasun gehiago izatea nahi dute. Horretarako, ikasleek marrazki orijinal bat aurkeztu beharko dute, edozein formatutan. Sariketako irabazleak urteko matrikulazioa eta kuotak doan izango ditu. Urriaren 20a arte zabaldu dute lanak aurkezteko epea. Gaitzizen batekin sinatu behar dira logotipoak eta musika eskolako bulegoan utzi. Horiekin batera, aparteko kartazal bat aurkeztu behar da egilearen datuak (izen-abizenak eta harremanetarako telefonoa), bertan idatzita daudela.
ZARAUTZ
2008-10-03 | 16:42:33
100 lagunetik gora joan dira 'Zorion perfektua' filmako kastinera
Urriaren 13an hasiko dira filmatzen Anjel Lertxundiren liburuan oinarritutako istorioa
«Begiratu kamerari. Egin irribarre. Klik! Jarri albozka eta mugitu sorbaldak. Klik! Kito. Hurrengoa». Kiko Jauregi argazki kamera eskuan hartuta eta Binahi agentziako beste bi kide datuak hartzen, Zorion perfektua filman jardungo duten estrak aukeratzeko kastina egin dute gaur Zarautzen. Anjel Lertxundiren liburuan oinarritutako filma urriaren 13an hasiko dira filmatzen Donostian, eta zati esanguratsu bat Zarautzen bertan grabatuko dute. Javier Elortegik zuzenduko du filma, Pausoka ekoiztetxearekin. Estrak aukeratzeko lana, ordea, Binahi agentziari esleitu diote eta beraiek dabiltza gaur Gaztelekuan. Guztira, 100 lagunetik gora izango dira gaur probak egiten eta interesa dutenek oraindik 688 644414 telefonora deitu dezake.
Zinema
'Las chicas de la lenceria' filma
AZPEITIA, Betharrametan - 2008-10-11
Dantza
Dantzari Txiki Eguna
AZPEITIA, Herrian - 2008-10-12
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.