Edukira joan

Urola Kostako Hitza

Urola Kosta
2008ko abuztuak 30, Larunbata

Harpidetu zaitez!

Albisteak

Borja Iradier ez da sailkatu final laurdenetarako

ZARAUTZ

2008-08-09 | 16:02:57

Borja Iradier ez da sailkatu final laurdenetarako

Igerilariak ez du lortu final laurdenetarako sailkatzea, eta horrenbestez, amaitu da zarauztarrarentzat Pekingo (Txina) Olinpiar Jokoetako esperientzia.

Bular estiloko 100 metroko proban parte hartu du Borja Iradiarrek, seigarren seriean. Bere taldean zortzitik seigarrena izan da 1:01:83ko denborarekin. Bere marka onenetik (1:01:32) urrun geratu da, beraz, eta urrun, halaber, final laurdenetan lehiatuko diren hamasei igerilariko taldean sartzetik. Final laurdenetan sailkatu den azkenak, Mark Gangloff estatubatuarrak, 1:00:71 denbora egin du. Bular estiloko ehun metroko lehen kanporaketan Alexander Dale Oen norvegiarra izan da nagusi, 59:41eko denborarekin.

Ez du erantzunik

ZUMAIA

2008-08-09 | 13:59:27

Koadrilen arteko liskar batek zazpi zauritu utzi ditu Euska Jai egunean

Batzokian amaitu zuten borroka koadrilek eta kalteak eragiteaz gain, EAJko zinegotzi ohi Asier Esnal zauritu zuten, besteak beste

Jai giroan hasi eta modu basatian amaitu. Horixe gertatu zen atzo Euskal Jai egunarekin. Izan ere, gauerdiaren bueltan bi koadrilen artean liskarra piztu da Zalla tabernan, eta Batzokian amaitu zuten gerra. Tarte horretan, borrokaren gordintasunaren erakusle, 7 zauritu, hainbat salaketa eta kalte materialak utzi zituzten. Ertzaintzaren esanetan, 23:30ak inguruan hasi zen liskarra Zalla tabernan, adin nagusiko bi gazte koadrilaren artean; zumaiarrak dira batzuk, baina baziren kanpotarrak ere tartean, Zumaiako alkate Iñaki Agirrezabalak azaldu duenez. Uste dutenez gazteetako bat botila batekin kolpatu zuten buruan, eta hor hasi zen odol festa. Erasotzaileek ihes egin zuten, eta erasotuaren lagunak horien bila atera ziren. Gaztetxera jo zuten lehenen, han aurkituko zituztelakoan, eta handik metro guxtira dagoen Batzokira egin zuten gero. Han egin zuten topo berriro bi koadrilek: «Nonbait erasotzaileak Batzokian babestu ziren, eta han topo egitean hasi zen borroka. Batzokiko langile batek euren kontrako eraso politikoa izan zitekeelakoan abisua pasa zuen, eta EAJko hainbat kide hurbildu zen une horretan Batzokiraino. Hurbildu bezain pronto konturatu ziren ez zela inongo eraso politikoa, baina tartean harrapatu zituzten eta EAJko kideetako batzuk zaurituta daude. Asier Esnal zinegotzi ohiari hainbat puntu eman behar izan dizkiote, eta bere arrebak begia gaizki dauka; bere koadrilako kideren batek ere zauriak ditu. Borrokan parte hartu zuten gazteetako batzuk ere zaurituta daude, nonbait», azaldu du alkateak.

Ez du erantzunik

ORIO

2008-08-06 | 11:25:08

Hiru lagun zauritu dira Orioko gainean, bi autok elkar jota

Goizean, 06:20 inguruan gertatu da istripua

Bi autok elkar jo dute gaur goizean N-634 errepidean, Orioko gainean. 06:20 aldera gertatu da istripua, eta talkaren ondorioz, hiru lagun zauritu dira. Donostia Ospitalera eraman dituzte hirurak, eta lehen azterketen arabera ez du ematen zauri larririk dutenik. Zaurituak erreskatatzeko eta autoak trabatik kentzeko Ertzaintzak ordu erdiz itxita izan du errepidea bi norabideetan.

2 erantzun

ZUMAIA

2008-08-05 | 12:36:09

LT Band taldeak 'Itsasora' disko berria kaleratu du

Zuzeneko aurkezpena Zumaiako Algorri tabernan egingo dute abuztuaren 15ean, 23:00etan.

Ahuntzaren Gauerdiko Eztula (AGE) taldeko Joseba eta Mikel Aizpurua anaiek 'Itsasora' izeneko disko berria kaleratu dute, LT Band proiektu paraleloaren baitan. Zuzeneko aurkezpena Zumaiako Algorri tabernan egingo dute abuztuaren 15ean, 23:00etan. Diskoa dagoeneko salgai jarri dute Algorri tabernan bertan, 5 eurotan.

Erantzun 1

ZARAUTZ

2008-08-04 | 12:37:40

Juaristik gainditu du Casino Kursaaleko aurreneko kanporaketa

San Migueli 35-25 irabazi dio zarauztar erremontistak

[Berria] Emaitzak adierazten duena baino partida gogorragoa izan zen larunbatean Hernaniko Galarretan jokatutako hori. Casino Kursaal buruz buruko txapelketako estreinakoan denak izaten dira zalantzak. Zalantzak norberari buruz, eta zalantzak kontrarioari buruz. Larunbatean, lehen zalantza horiek argituta gelditu ziren. Zera dakigu orain: Juaristik, erremontean oso ongi jokatzeaz gain, sakea daukala apartekoa; San Miguelek, beste edonork egin ezin ditzakeen gauza asko egiteaz gain, behera egiten duela nabarmen partiden bigarren zatietan.

Ez du erantzunik

ZARAUTZ

2008-08-04 | 09:47:41

Oskorrik eta Musika bandak, arrakasta handia

Malekoia jendez gainezka egon zen kontzertuak iraun zuen bitartean

Larunbat gauean, 23:00ak pasatu eta minutu gutxitara hasi zuten kontzertua Oskorri taldekoek. Lehenbizi beraien pieza batzuk jo zituzten bakarka, ondoren Musika Bandakoek egin zuten beraien saioa, eta azkenik bi taldeak elkarrekin prestatutako errepertorioa plazaratu zuten. Zarauzko Dama eskulturaren alboan espreski jarritako aulki guzti-guztiak bete zituzten herritarrek, inguruan ere jende ugari bildu zen, malekoiko pasealekua ia-ia itxita gelditu zelarik. Amaiera, Furra-Furra abesti ezagunarekin etorri zen eta txalo zaparradarekin eskertu zuten entzuleek. Hona hemen kontzertuko azken minutuak ikusgai:

Ez du erantzunik

ZESTOA

2008-08-01 | 14:34:12

TS Fundiciones enpresako zati bat erre da goizaldean

Suhiltzaileek 06:00etan kontrolatu dute sutea eta 13:00ak aldera arte jardun dute bertan lanean

Goizaldeko 02:59an bizilagun baten deiak jakinarazi die larrialdi zerbitzuei Zestoako TS Fundiciones enpresan sutea zegoela. Bizilagunaren arabera teilatua sutan ari zen. Handik gutxira, Zestoako Toribio Altzaga kaleko beste bi bizilagunek ere larrialdietarako zenbakira deitu dute "sutea aurrez aurre" ikusten zutela esanez. Ertzaintzako patruilak berehala gerturatu dira bertara suhiltzaileekin batera. Azpeitiko suhiltzaileez gain, Zarauztik eta Eibartik ere joan dira laguntzera. Sutea 06:00ak aldera kontrolatu dute, baina 13:00ak aldera arte jardun dute bertan lanean. Suhiltzaileen ordezkaritzatik emandako datuen arabera, kalte material handiak eragin ditu biltegi inguruan.

Ez du erantzunik

Etxerateko ordezkari batek 9 urteko balantzearen txostena eman dio Ibarretxeri

AZPEITIA

2008-08-01 | 12:51:21

Etxerateko ordezkari batek 9 urteko balantzearen txostena eman dio Ibarretxeri

700 lagun inguru bildu da Loiolako elkarretaratzean

Euskal presoen aldeko aldarriarekin hasi da goiza, saninazio bigarrenean. Azpeitiko Udalbatzak udaletxearen aurrean hartu ditu Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak. Ondoren, Loiolara joan dira politikariak, Donostiako gotzain Juan Maria Uriartek urtero egiten duen elizkizunean aprte hartzera. Han, presoen alde egun honetan inoiz egin den elkarretaratzerik jendetsuenarekin topatu dira. Etxeratek deialdi nazionala egina zuen gaurko, eta euskal presoen 700 senide eta lagun ingurun erantzun diote deiari. Beste urtetan ez bezala, 'Euskal Presoak Euskal Herrira' oihukatuz hartu dituzte Ibarretxe eta besteak, Loiolan. Basiliaren plazara iritsitakoan, Elias Minerrek (Imanol Miner presoaren anaiak) lehendakariaren 9 urteko agintaldian presoen egoeraren inguruan egindako txostena eman dio eskura Ibarretxeri. "Errealitatea ez ezkutatzeko eta herriaren zati garrantzitsu bat ez baztertzeko" eskatu dio Minerrek, eta "gezurretan" dabilela aurpegiratu dio lehendakariari. Juan Jose Ibarretxek balantze horrekin ados ez dagoela erantzun dio. Erakundeetako ordezkariak basilika barrura sartu direnean, elkarretaratzean bildutako jendea atzetik joan zaio, "Euskal Presoak etxera!" oihuen artean.

Ez du erantzunik

© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa