
ZARAUTZ
2008-05-17 | 17:06:46
Txakolinak zaindari berriak ditu
Surf elkartea, Orioko Xixario jatetxeko Luis Mari Uranga parrilleroa eta Pello Garcia gastronomoa egin dituzte aurten Ziri kofradiako ohorezko kide
Ziri Getariako Txakolinaren Kofradiakoek XI. Kapitulua edo batzarra egin dute gaur eguerdian Foruen Enparantzan, eta aurtengoan txakolinzaleek Zarauzko Surf elkartea, Orioko Xixario jatetxeko parrillero Luis Mari Uranga eta Pello Garcia omendu dituzte, kofrade izendatuta. Zirikoek Euskal Herriko hainbat txokotako nahiz Frantziako 21 kofradia gonbidatu dituzte euren batzarrera, eta horiei harrera egin diete Arralde Txiki elkartean, 10:00etan. Ondoren, aurten Getariako Txakolina jatorri izendapena hartu duen Urki upategian hamaiketakoa egin dute. Txistulariek lagunduta, herriko kaleetan ibili dira Zirikoak nahiz gainontzeko kofradietakoak, eta 13:00ak aldera iritsi dira Foruen Enparantzara, ekitaldi nagusirako. Bertan, Zarauzko alkate Jon Urienek, Turismo Zinegotzi Imanol Lasak eta Getariako Txakolina jatorri izendapeneko ordezkari Angel Rezabalek hitz batzuk egin dituzte eta txakolinaren ereserkia abestu dute ekitaldiaren amaieran.
ZUMAIA
2008-05-17 | 16:52:50
Zumaiako Txomin Agirre AEK-ko euskaltegiak egoitza berria du
Atzo arratsaldean inauguratu zuten festa giroan
Bidasoa kaleko lehenengo zenbakian du egoitza berria Zumaiako Txomin Agirre AEK-ko euskaltegiak. Udalak utzi dio egoitza eta atzo arratsaldean inauguratu zuten festa giroan. Zumaiako AEK-ko arduradun Naiara Aizpuruak eta Gipuzkoako koordinatzaile Aurkene Urrosolok Zumaiako Udalari eskerrak eman zizkioten egoitza uzteagatik, eta "Udalarekin elkarlanean jarraitzeko nahia" agertu zuen Aizpuruak. Udaleko Euskara Batzordeko batzordeburu Nerea Epeldek, bestalde, AEK-k herrian euskararen alde urte askoan "lan asko" egin duela eta "bide horretan Udala lagun" izango duela adierazi zuen. Bertsoak, jana eta edana eta Bota pa batukada talde azkoitiarraren doinuak izan zituzten inaugurazioa alaitzeko.
AZPEITIA
2008-05-17 | 15:25:17
Gizarte parte-hartzeari buruzko prestakuntza ikastaroa emango dute Azpeitian
Hilaren 20, 21 eta 22an izango da Sindikatu Zaharrean
Gipuzkoako Foru Aldundiak politika publikoan gizarte parte-hartzea sustatzeko helburuaz ikastaro programa berri bat jarri du martxan. Trebakuntza ekimen honek Eusko Jaurlaritzaren laguntza du eta Baketik arduratzen da antolaketaz. Datozen egunetan, maiatzak 20 asteartea, 21 astezkena eta 22 osteguna, 19:00etatik 21:00etara Azpeitiko Sindikatu Zaharrean Gipuzkoa osoan programatutako hamabi kurtsoetatik bat ospatuko da. Ikastaroa dohan da, eta han izena emateko nahikoa da Baketik-ekin kontaktuan jartzea 943 251005 telefonora deituta, partehartu@baketik.org helbidera idatziaz edota www.baketik.org helbidean sartuaz.
AZKOITIA
2008-05-17 | 14:54:49
Bikotekazko Goitibehera Txapelketan Asier Epelde eta Iraitz Olariaga izan dira irabazleak
Gaur hasi dira Udalak antolatutako Herri Jaiak
Udalak antolatutako Herri Jaien baitan Bikotezka Goitibehera Txapelketa jokatu da Aitzarako bidean. Irabazleak, Asier Epelde eta Iraitz Olariaga izan dira. Sei bikotek parte hartu dute txapelketan eta Euskal Herriko 2007ko goitibeherako txapelduna den Iñigo Garciak erakustaldia ere egin du. Horrez gainera, monopatinetan etzanda jaisten direnak ikusteko aukera ere izan da. 1,2 kilometroko ibilbidea zuten prestatuta antolatzaileek eta hiru jaitsiera egin dituzte: bat probakoa eta beste biak puntuagarriak. Erakustaldia egitera joandako neska batek min hartu du eta anbulantzian eraman dute Donostiako ospitalera. Gaur, larunbata, arratsalderako antolatuta zuten Futbito Txapelketa bertan behera utzi dute antolatzaileek: "Parte hartzeko izena emanda zutenak Eskola Kiroleko Txapelketara eta Anaitasunaren partidara joango direlako".
AZPEITIA
2008-05-16 | 16:33:56
Nuarben Trinidade festak ospatuko dituzte astelehenera bitartean
Hiru egunetan, era askotako ekitaldiak izango dira, auzotarren gozagarri
[Uztarria.com] Bihar, larunbata, ekingo diote nuarbetarrek Trinidadeko festei. Astelehenera bitartean, era askotako ekitaldiak izango dira auzotarren gozamenerako. Bihar, 19:00etan izango da lehen ekitaldia: Kale Akrobaziak egingo dituzte ‘Bizikleta Free Style Manga Ramp’ taldeak. 20:30ean, herri afaria egingo dute zimitarioan eta ondoren, goizaldera arte, erromeria izango da ‘Kupela’ taldearekin. Goizaldean, berriz, baratxuri zopa izango dute ohera joan aurretik nuarbetarrek. Igandean meza izango da lehenengo eta horren ondoren, 13:00etan, Azpeitiko Musika Banda Gaztearen kontzertua hasiko da. Kontzertuak irauten duen bitartean luntxa eskainiko diete bertaratzen direnei. 18:00etan herri kirol lehia egingo dute. Harrijasotzen Aimar eta Izeta II.a ariko dira eta aizkoran Ugaitz Mugerza eta Mujika. Harrijasotzaileak hiru harri desberdinekin ariko dira eta aizkolari bakoitzak zortzi korte egin beharko ditu. Iluntzean, Izer eta Alabier trikitilariak ariko dira erromeri giroa pizten. Astelehena izango da trinitateetako azken eguna. Arratsalde partean ume jolasak eta txokolatada egingo dituzte eta iluntzean erromeria izango da Imuntzo eta Beloki trikitilariekin. Erromeri giroan bukatu dituzte nuarbetarrek euren festak.
AZKOITIA
2008-05-16 | 10:35:31
Herri Jaiak ospatuko dira asteburuan
Udalak bi egunetako egitarau zabala prestatu du
Urtero maiatzean egiten den bezala, Herri Jaiak izango dira asteburuko protagonistak. Gazteentzako ekimenak, kirol probak, gastronomia eta azoka berezia izango dira herrian, jai giroa berotuz. Parrandarako aukera ere izango da bihar, larunbata, Nancys Rubias taldearen kontzertuaren harira. Eta igandean, txahal errea dastatzeko aukera egongo da plazan.
GETARIA
2008-05-15 | 14:07:18
Josefina Azkue bizilaguna omendu dute Meagako sanisidroetan
Goizean zehar Txakolin Festaz gozatu dute auzora gerturatu direnek
Santuaren irudiarekin prozesio labur bat egin ostean, meza ospatu dute meagarrek auzoko ermitan. Elizkizunean zehar, gainera, Getariako abesbatzak parte hartu du kantuan eta, kanpoaldean, antolatzaileek suziriak bota dituzte. Saioa bukatu eta bizilagunak elizatik atera bezain pronto, Alaitz eta Olatz trikitilariak egun handia animatzeari ekin diete. Trikiti doinuari jarraiki, jendeak jateko eta edateko parada izan du, Jai Batzordeak antolatutako Txakolin Festan. Edalontzi zabala 3 euroren truke erosita, nahi adina txakolin dastatzeko aukera izan dute auzora gerturatu direnek. Baita jaietarako espeski hildako txerriaren haragiz egindako pintxoak jatekoa ere. Ermitaren kanpoaldeko zelaian bilduta, eguraldi eguzkitsua aldeko, lagunartean pasatu dute goiz partea. Bitarte horretan, era berean, Azkue ostatuko kide eta Meagako ermitako serora den Josefina Azkue omendu dute. Aurresku egiteaz gain, oroigarria eta zapia jaso du Getariako alkate Andoni Aristi eta Jai Batzordeko kideen eskutik. Era berean, Getariako abesbatzak Zorionak zuri abestu diote. Azkuek, esker onez, jasotako errekonozimendua «oso pozik» hartu duela nabarmendu du.
ZARAUTZ
2008-05-15 | 11:54:38
III. Aste Solidarioak haurrak izango ditu ardatz nagusi
Gaur arratsaldean hasiko dira ekitaldiekin eta datorren larunbatean izango da jaialdi nagusia
Gobernuz kanpoko 14 erakunde elkartu, eta aurten ere Aste Solidarioa antolatu dute. Aste osoa iraungo duen ekimen hau antolatzen duten hirugarren urtea da eta atzo aurkeztu zuten Antoniano aretoan. Bertan izan ziren elkarteetako ordezkariak eta aurten indar bereziz haurren eskubideak landuko dituztela adierazi zuten. Behar larria duten haurrei elkartasuna erakusteko Zarauztar 1 euro 1 kanpaina jarriko dute abian eta bildutako diru guztia Rabaten (Marokko) dagoen Layamerien izeneko umezurztegira bideratuko dute.
Erakusketa
Beirate artistikoak
ZARAUTZ, Legarra beirategian - 2008-03-31
Erakusketa
Santa Maria la Real arkeologia multzoa
ZARAUTZ, Arte eta Historia Museoa - 2008-03-31
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.